Zestoako festak

Koloretako alkandorak soinean, Kuadrilla Eguna ospatu dute Zestoan

Maddi Txintxurreta 2025ko ira. 6a, 19:40

Kuadrillen Eguna ospatzen ari dira Zestoan, eta eguerdirako koloretako alkandorek apaindu dute herria. Bazkari herrikoiaren ostean, kuadrillen arteko jolasak egin dituzte, umore ona lagun.

Giroa gori da Zestoan, eta ez eguzkiak gogor jotzen duelako soilik. Esnaerako ajea hala moduz gaindituta, koloretako alkandora jarri eta festaren maratoiarekin segitzeko garra erakutsi dute herritarrek. Ezin kale egin Kuadrilla Egunean.

Herriko kaleetan zehar kuadrillaka elkartuta, mimoz kozinatutako paellak janda hartu dituzte egun luzeari aurre egiteko indarrak. Bero saparen erasoa abanikoekin ala txapelekin neutralizatu dute bazkalondoan, eta kuadrillen arteko jolasak hasi dituzte 17:00etan.

Umore ona izan dute akuilu jolasetan parte hartu duten lau kuadrillek, eta jendetza batu da zezen plazako harmailetan ikuskizuna ikustera. Ustekabe txarangak girotu ditu jolasak.

Bitartean, haur eta gaztetxoak frontoian aritu dira puzgarrietan saltoka.

Festak gaua luzatuko du gaurkoan ere, ohi bezala, musikak lagunduta. Iluntzean Ustekabe txaranga ariko da Zestoako kaleetan, eta Sukena nahiz Hazas eta Jagoba taldeak kontzertuak eskainiko dituzte Laranjadi plazan.

Asteleheneko Ama Birjina eguna bitartean, festek ez dute atsedenik hartuko Zestoan. Datozen egunetan, herritarrek honako egitarau honetaz gozatu ahal izango dute:

Bihar, igandea
09:00. Zestoako dultzaineroen diana.
10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
12:30. Nafartasunari gorazarrea, musika, bertso eta dantzaz alaiturik, sorgin ehizaren bosgarren mendeaurrea gogoratuko da.
17:00-19:00. Kirol joko handiak, frontoi zaharrean.
17:30. Herriko bandaren, dultzaineroen eta txistularien kalejira, lehen zekorketa iragarriz.
18:00. Gurea Kultura ekimenak antolatuta zezenketen alternatiba kontzertuak estazio aldean: Ez Ez Ez, Makeda eta Sal del Coche.
18:00. Lehen zekorketa. Toreatzailea: Curro Muñoz. Ordezkoa: Raul Jerez. Ganadutegia: Adolfo Rodriguez Montesinos. Ondoren, Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak.
Ondoren, Zestoako Banda Erdikalean.
21:00. Skapaie.
23:00. M&M, Laranjadin.

Irailak 8, astelehena. Ama Birjina eguna
09:00. Zestoako dultzaineroen diana.
10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
11:00. Zestoako Musika Bandaren eta Idiakaitz txistulari taldearen kalejira.
12:00. Meza. Ondoren, udal ordezkarien dantzaurrea, Itxaropena dantza taldeak eta Idiakaitz txistulari taldeak lagunduta.
13:15. Zestoako Bandaren kontzertua.
17:30. Herriko bandaren, dultzaineroen eta txistularien kalejira, bigarren zekorketa iragarriz.
18:00. Tor magoa, kiroldegiko aterpean.
18:00. Gurea Kultura ekimenak antolatuta zezenketen alternatiba kontzertua estazio aldean: Anari.
18:00. Bigarren zekorketa. Toreatzailea: Juan Pablo Ibarra. Ordezkoa: Marco Pelaez. Ganadutegia: Adolfo Rodriguez Montesinos. 
Ondoren, Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak.
Ondoren, Zestoako Banda, Erdikalean.
20:00. Zahagi-dantzarien dantzaurrea kalez kale, Itxaropena dantza taldearen eta Zestuko Trikitixa taldearen eskutik.
21:00. Laket taldearekin erromeria.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide