Udal liburutegiak ordenagailuen erabilera irizpideak aldatu ditu 14 urtez azpikoentzat

Maddi Txintxurreta 2025eko irailaren 2a

Zestoako Udal Liburutegia.

Aurrerantzean, 14 urtez azpiko haur eta gazteek tutorearen edo gurasoen baimena beharko dute ordenagailuak erabiltzeko, eta 10 urtetik beherako umeek heldu batekin egon beharko dute derrigorrez.

Zestoako Udal Liburutegiak kezka agertu du azken boladan gero eta haur txikiagoek erabiltzen dituztelako ordenagailuak, eta gailu horien erabilera okerra sahiestu asmoz, zenbait neurri hartu ditu. Hala, aurrerantzean, 14 urtez azpiko haur eta gazteek tutorearen edo gurasoen baimena beharko dute ordenagailuak erabiltzeko.

Liburutegiak ohar batean defendatu du haurrek eta gaztetxoek "laguntza" behar dutela ordenagailuen nahiz internetaren munduetan murgiltzeko, trensa horiek egoki erabiltzen ikas dezaten. Alabaina, ohartarazi du azken boladan gero eta haur txikiagoak gerturatu direla liburutegiko ordenagailuetara, horregatik, ikasturte berriarekin batera, ordenagailuen erabileraren inguruko irizpideak berrikusi ditu.

Aldaketa horiek 14 urtetik beherako herritarrengan izango dute eragina: ordenagailuak erabili ahal izateko, tutorearen edo gurasoen baimena beharko dute, eta heldu horrek liburutegian sinatu beharko du baimena. Neurriak zorrotzagoak izango dira 10 urtetik beherako haurrentzat, horiek heldu batekin egon beharko baitute derrigor ordenagailuak erabili ahal izateko.

Gainera, Zestoako Udal Liburutegiak nabarmendu du ordenagailuak lanerako tresnak direla eta, hortaz, lanak egiteko erabili behar dituzten herritarrek izango dutela lehentasuna. Ildo horretatik, adierazi du debekatuta dagoela online jolasetan aritzea, eta jolastekotan, soilik ordenagailuek instalatuta dituzten aplikazioak erabil daitezkeela, gehienez ere ordu erdiz.

7 eta 14 urte arteko haurren gurasoak euren seme-alabekin ordenagailuen erabileraren inguruan hitz egitera gonbidatu ditu udal liburutegiak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide