Zestoak Jubilatuen Eguna ospatu zuen atzo, igandea. Goizean, herriko edadetuenak omendu zituen udalak, eta bazkalostean herri kirolak eta Zestoako Txistulari Alardea izan ziren. Hasiera batean nahia herriko plazan egitea bazen ere, euriaren eraginez kiroldegiko frontoira lekualdatu zuten kontzertua. Frontoiko harmailak lepo bete ziren hitzorduaz gozatzeko.
Zestoako Idiakaitz txistulari taldeak hiru urtez behin antolatu ohi du Zestoako Txistulari Alardea, eta ohi bezala, euskal musikagintzako izen ezagunak eta herriko musikariak elkartu ziren oholtzan. Gonbidatu batzuk Oriokoak izan ziren: Julen Alonso trikitilaria eta piano-jotzaileak nahiz Imanol eta Iratz Urkizu aita-alabek parte hartu zuten alardean. Horiekin batera, Amaia Aldalurrek zuzentzen duen Zumaiako San Pedro Abesbatza eta metal boskotea ere izan ziren agertokian.
Zestoako ordezkaritza, bestalde, honako musikariek eta taldeek osatu zuten: Nerea Mendizabalek, Agurtzane Auzmendik, Joritz Zunzunegik, Itxaropena dantza taldeak, Mertxe Merinok prestatutako eskolako haur kantariek eta Idiakaitz txistulari taldeko musikariek. Garikoitz Mendizabal Zestoako txistulariak zuzendu zuen ikuskizuna, eta aurkezle lanetan Jon Artano aritu zen.
(Argazkiak: Gorka Eizagirre)