Zestoako festak

Jon Mendia eta Larraitz Zumeta garaile 38. Ondarbasoko Igoeran

Ihintza Elustondo - Andoni Elduaien 2025ko abu. 30a, 16:57

Azken urteetako txirrindulari bera nagusitu da gaur ere gizonen mailako Ondarbasoko Igoeran: Jon Mendia. Emakumeetan, berriz, aurten igoera aurrenekoz egin duen Larraitz Zumetak lortu du garaipena. Guztira, 25 lagunek parte hartu dute proban. Gonbidatu gisa parte hartu duen Oier Ibarguren azpeitiarrak Mendiak 2022an jarritako marka segundo batean hobetu du. Kirol hitzorduaren ondoren, herriko plazan elkartu dira zestoarrak bazkaltzeko.

Jon Mendiak eta Larraitz Zumetak irabazi dute gaur, larunbata, Zestoan jokatu duten 38. Ondarbasoko Igoera. Guztira, 25 lagunek parte hartu dute gaur Zestoako Gazte Egunaren bueltan jokatu duten txirrindulari proban. Azken urteetan bezala, gaur ere Mendia izan da azkarrena gizonetan, proba 11 minutu, 30 segundo eta 38 ehunenekotan amaituta. Emakumezkoetan, berriz, aurten aurrenekoz parte hartu duen Larraitz Zumetak irabazi du; 17 minutu, 22 segundo eta 72 ehunenekotan lotu ditu hark Zestoako plaza eta Ondarbasoko gaina. 

25 lagun horietatik 22 gizonak izan dira, eta hiru emakumeak. Gaur arte, Mendiak 2022. urtean ezarritako 11 minutuko eta 14 segundoko denbora izan da Ondarbasoko Igoerako errekorra. Ordea, gaur, Oier Ibarguren txirrindulari azpeitiarrak segundo batean hobetu du. Dena den, Ibargurenek gonbidatu gisa parte hartu ohi du Ondarbasorako igoeran, eta hark ez du sailkapenerako lehiatzen. Hori horrela, gizonetan, Mendia nagusitu da, Iñaki Gabarainek egin du bigarren, denbora irabazleak baino minutu eta segundo bat beranduago geldituta. Jurdan Regillaga sailkatu da hirugarren, 12 minutu, 45 segundo eta 61 ehuneneko denbora eginda. Emakumeetan, berriz, Leire Lopetegi iazko txapelduna izan da Zumetaren ondoren bigarren (18.51.73) eta Irati Otano hirugarren (19.50.17).

Beste urteetan bezala, giro ederra nagusitu da Ondarbasorako bidean. Asko izan dira txirrindulariek egindako bidea oinez egin eta txirrindulariak animatu dituztenak. 13:00etan egin dute sari banaketa Erdikalean, eta partaide guztiek jaso dute garaikurra. Podiumera, baina, probako aurreneko hiru gizon-emakumeak igo dira. 

Hona hemen gaurko partaideen denborak eta sailkapena: 

  1. Oier Ibarguren: 11.13.81 (gonbidatua izan da, eta bere denborak ez du sailkapenerako balio izan)
  2. Jon Mendia: 11.30.38
  3. Iñaki Gabarain: 12.31.32
  4. Jurdan Regillaga: 12.45.61
  5. Ioritz Arantzeta: 13.39.56
  6. Aritz Elustondo: 13.46.66
  7. Gaskon Etxeberria: 13.53.07
  8. Julen Uranga: 13.57.77
  9. Jon Aizpuru: 14.15.85
  10. Unai Olaizola: 14.17.17
  11. Sathya Paz: 14.27.62
  12. Yosu Illarramendi: 14.35.67
  13. Iñaki Zubimendi: 14.37.37
  14. Mikel Jauregi: 15.12.50
  15. Larraitz Zumeta: 17.22.72
  16. Lander Arrazola: 17.33.54
  17. Pello Gerenabarrena: 18.33.36
  18. Leire Lopetegi: 18.51.73
  19. Iker Olkoz: 19.19.17
  20. Irati Otano: 19.50.17
  21. Alex Olaizola: 19.55.36
  22. Iker Gonzalez: 20.37.79
  23. Luken Etxeberria: 20.51.54
  24. Jon Irure: 20.50.65
  25. Gotzon Lizaso: 20.59.79

Gazte Egunaren barruan

Ondarbasoko Igoera Zestoako Gazte Eguneko lehen hitzordua izan da. Txirrindularien hitzorduen ondoren, elkartasun bazkaria egin dute 14:15ean hasita herriko plazan, Antton etxera lelopean. Antton Ao Povo! plataformak antolatuta egin dute beste urte batez herri bazkaria, eta haiek bi menu eskaini dizkiete izena emandako herritarrei: txerri saiheskidun menua edo aukera beganoa. 2022an sortu zuten Antton Ao Povo! plataforma, Antton Olaizola deportatu zestoarraren etxeratzea eskatzeko eta hainbat egitasmo martxan jartzeko. Bazkalostean, berriz, pilota partidak izango dira frontoi zaharrean (18:00), eta Eingo musika taldea kalerik kale ibiliko da (19:00). Gazte Eguna amaitu aurretik, Dena eta Ezpalak musika taldeen doinuak entzuteko aukera izango da Laranjadi plazan.

Igandea, adinekoentzat Igandean, berriz, Jubilatuen Eguna ospatuko dute Zestoan. Idiakaitz txistulari taldekoek 10:00etan hasiko duten dianak irekiko du eguna, eta 12:30ean, bazkal aurreko meza izango da. Ondoren, 13:15ean hasita, herriko zaharrenei oroigarriak eskainiko dizkie udalak Foru plazan. Erakundeak Mari Kruz Iribar Iribar eta Karlos Alkorta Murillo omenduko ditu aurten, baina bi lagun horiekin batera omenduko dituzte herrian bizi diren 85 urteko herritarrak ere. Omenaldiaren ondoren, bazkaria egingo dute Jubilatuen Etxean, Idiakaitz txistulari taldeko musikariek eta Itxaropena dantza taldeko dantzariek girotuta. 17:30ean, herri kirolak izango dira frontoi zaharrean, eta eguna bukatzeko, txistularien alardea izango da, 19:00etan hasita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide