Zestoako festak

Eguraldiaren iragarpena dela eta, Txistulari Alardea kiroldegian egingo dute

Maddi Txintxurreta 2025ko abu. 29a, 12:09

Txistulari Alardea 2022an.

Iganderako euria iragarri dutela eta, Zestoako Txistulari Alardea ez dute azkenean plazan egingo. Kiroldegiko frontoian egingo dute emanaldia, 19:00etan.

Zestoako Txistulari Alardea herriko plazan egitekoak ziren, baina iganderako euria iragarrita dagoela eta, kontzertua kiroldegiko frontoira lekualdatuko dutela jakinarazi du udalak. 19:00etan hasiko da Idiakaitz Txistulari Taldeak hiru urtean behin antolatzen duen emanaldia.

Ohi bezala, euskal musikagintzako izen ezagunak eta herriko musikariak ariko dira oholtzan. Zehazki, Oriotik etorriko dira aurtengo gonbidatuak: Julen Alonso trikitilaria eta piano-jotzaileak nahiz Imanol eta Iratz Urkizu aita-alabak parte hartuko dute alardean. Hauekin batera, Amaia Aldalurrek zuzentzen duen Zumaiako San Pedro Abesbatza eta metal boskotea ere izango dira taula gainean.

Zestoako ordezkaritza, bestalde, honako musikariek eta taldeek osatuko dute: Nerea Mendizabalek, Agurtzane Auzmendik, Joritz Zunzunegik, Itxaropena Dantza Taldeak, Mertxe Merinok prestatutako eskolako haur kantariek eta Idiakaitz Txistulari taldeko musikariek. Garikoitz Mendizabal Zestoako txistulariak zuzenduko du ikuskizuna.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide