Amabirjin eguna ospatzen ari dira gaur Aizarnan. Goizean pilota partidak eta meza izan dituzte, eta arratsaldean, berriz, aizarnarren arteko herri kirol erronka. Izugarrizko beroa egin du egun guztian, eta ondorioz, bi orduz atzeratu dute kirol hitzordua; 19:00etan hasi dira lehian.
Kaletarrak eta mendi inguruneko herritarrak aritu dira herri kiroletan plazan, eta jendetza izan da talde biak animatzen. Talde urdina nagusitu da, lanak azkarrago bukatu baitituzte haiek. Besteak beste, harri jasotzen, ingudearekin, korrika nahiz trontzan aritu dira partaideak.
Gauean, 22:30etik aurrera, Izer eta Alabier trikitilariek kontzertua eskainiko dute, eta hala nahi duten herritarrek, dantzarako parada izango dute.
Atzo hasi ziren Aizarnako jaiak, eta giro bikainean igaro zuten lehen eguna. Bihar eta etzi jarraituko dute festek, askotariko ekitaldiekin.
Hona hemen biharko eta etziko egitaraua:
Bihar, larunbata
- 07:30. Oilasko biltzeko irteera.
- 11:00. Umeen eta gaztetxoen krosa.
- 12:00. Paellada.
- 22:30. Obaneuke erromeria.
- 03:00. DJ Patx.
Etzi, igandea, Umeen eguna
- 11:00. Umeen txupinazoa.
- Jarraian, zirko tailerra.
- 11:30. Jubilatuentzako hamaiketakoa.
- 13:00. Umeen bazkaria
- 17:00. Ginkana.
- 18:30. Txokolatada.
- 19:00. Jon Urbieta disko jartzailea.
(Argazkiak: Utzitakoak)