Zestoako Helduen Irakurle Taldeak Miren Agur Meaberen 'Itzulerak' liburuarekin ekingo dio ikasturteari

Andoni Elduaien 2025ko uzt. 22a, 15:06

Miren Agur Meabe idazlea. (Kulturaz)

Miren Agur Meabe idazlearen Itzulerak liburuarekin ekingo dio Zestoako Helduen Irakurle Taldeak ikasturte berriari. Taldean parte hartu nahi dutenentzako izen-ematea zabaldu dute. 

Udako oporraldiaren ondoren, martxan jarriko dute berriro Zestoako Helduen Irakurle Taldea. Irailaren 25ean, ostegunez, Miren Agur Meabe idazlearen Itzulerak liburua irakurriko dute egilearen bisitarekin bat, Zestoako liburutegian (18:30). Udalak azaldu duenez, irekia izango da solasaldia, eta beraz, irakurle taldean parte hartzen ez dutenek ere izango dute Meaberen solasaldian parte hartzeko aukera. Pako Aristi idazleak zuzenduko du saioa. 

Portale kultur elkarteak jarri zuen martxan irakurle taldea 2017. urtean, eta Amaia Apalauza idazlea izan zen gidaria. 2018tik aurrera, baina, udalak hartu zuen bere gain irakurle taldea bideratzeko ardura, eta ordutik gidari lanetan aritu dira Apalauza bera, Danele Sarriugarte eta Pako Aristi idazleak. Orduz geroztik, 15-20 laguneko taldea osatu ohi dute urtero.

Meaberen solasaldiarekin ekingo diote ikasturte berriari. Dena den, irakurle taldeko partaideen artean adosten dute hurrengo hilerako irakurri beharreko liburua. "Denen artean egiten da aukeraketa eta ahalegintzen dira genero desberdinak ukitzen, hala nola komiki libururen bat, poesia, saiakera... Ordea, batez ere, eleberria irakurtzen da", azaldu du udalak. Gainera, irakurleek ez dute irakurriko den liburu hori erosi beharrik izango; izan ere, nahi duenak liburutegian bertan eskatu ahal izango du maileguan. Halako kasuetan, irakurle taldean bertan osatzen dute eskaera zerrenda, eta liburutegiak kudeatzen du beste liburutegiei egin beharreko eskaera.

Izen-ematea, irekita

Herriko irakurle taldean parte hartu nahi dutenentzako izen-ematea zabalik da dagoeneko. Liburutegian eman beharko da izena uztailaren 30era arte edo irailaren 1etik aurrera; izan ere, abuztuan itxita egongo da hilabete osoan gune hori. Irailetik ekainera bitartean egingo dituzte saioak datorren ikasturtean ere, baina udalak esan duenez, "edozein unetan" eman ahal izango dute interesa duten herritarrek izena, solasaldietara joateko deialdiak irekiak izango dira eta. Hori hala, taldean parte hartu ez, baina liburuaz hitz egin nahi duenak horretako aukera izango du nahi duenean. 

16 urtetik gorako herritarrek eman ahal izango dute taldean. "Euskarazko literatura irakurri, eta, hilabetean behin, leitutako liburuaren inguruko solasaldia egiten da taldean, Pako Aristi gidari dela. Euskarazko literaturaz gozatzeko espazioa da. Urtean zehar bizpahiru idazleren bisita ere izango da, haiekin hitz egiteko aukera irekiz", azaldu du udalak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide