Arroabeko karmenak 2025

Arroabea borborka ari da Karmengo jaietan

Maddi Txintxurreta 2025ko uzt. 19a, 15:21

Paella lehiaketarekin hasi dute hainbat arroarrek Karmenetako zapatu goiza. Taldeka kozinatu dituzte paellak, eta elkarrekin bazkaldu dute gero frontoian. Bihar gauean Karmentxuren agurrarekin amaituko dira festak, baina horren aurretik egitarau zabalaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek.

Hamabost paella-ontzi inguruk usai berezia eman diote zapatu eguerdi honetan Arroabeko Karmengo jaiei. Oilaskoa txigortu, barazkiak bota, eta arroza nork bere sekretuekin gozatu du, platerik onena kozinatzeko grinez. Azkenean, epaimahaiak erabaki du Olatzek eta Ainhoak egindakoa izan dela paellarik onena, eta Gabrielek eta Cesarrek osatutako bikoteari eman dio aurkezpen onenaren saria.

Etxeko amantalik txukunena hartuta aritu dira kozinatzen parte hartzaileetako batzuk; beste batzuek, ordea, bezperako txapel eta betaurreko deigarrekin segitzen zuten. Suak itzali eta lehiaketa amaitu ostean, frontoian jarri duten mahai luzean bazkaldu dute guztiak elkarrekin, sardexkak paella-ontzi guztietara arrimatuz.

Suak bai, baina festa ez da oraindik itzali Arroabean. Bihar 22:00etan Karmentxuren agurrarekin amaituko dira Karmenak, baina, horren aurretik, egitarau zabalaz gozatzeko aukera izango dute arroarrek:

Gaur, larunbata: 

  • 17:30. Albara ganadutegiko zekor enbolatuak, Joxe Migel plazan. Ondoren, Zumaiako Karropoteua.
  • 23:00. Bikabi, La Txama eta Indate DJa.

Bihar, igandea: 

  • 10:30. Txistulariak.
  • 11:00. Kalaka jolas kooperatiboak.
  • 13:00. Zestoako bandaren kontzertua.
  • 17:00. Buruhandiekin kalejira.
  • 17:30. Asto proba.
  • 19:00. Izer eta Alabierrekin erromeria.
  • 22:00. Karmentxuren agurra.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide