Zestoako Udalak nahiz herriko hainbat eragilek bat egin dute UEMAk bihar eguerdirako deitu duen elkarretaratzearekin. Espainiako Auzitegi Gorenak, Voxen helegitea berretsi eta EAEko Udal Legearen hainbat artikulu baliogabetu dituelako deitu ditu protestak Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak; 12:00etan izango dira bilkurak, mankomunitateko bazkide diren udalerrietako udaletxeen atarietan.
UEMAko kide da Zestoako Udala, eta salatu du "larria" dela Madrilgo Auzitegiak emandako epaia. Ohartarazi du, gainera, "batez ere" Zestoa bezalako udalerri euskaldunei eta euskaraz aritzen diren udalei eragiten diela.
"Udala, eragileak eta herritarrak, atera gaitezen kalera epai hau salatu eta euskaldunon eskubideen alde egitera", aldarrikatu du.
Udalaz gain, honako sindikatu, alderdi politiko eta eragileek bat egin dute UEMAren deialdiarekin: Portale kultur elkartea, Danbolin, LAB, EAJ, EH Bildu, AEK eta Agiro Mendi Taldea.