Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko administrazio publikoetan euskararen erabilera zigilatzen duten legezko neurrien kontrako hainbat eraso izan dira azken urteetan, eta dimentsio handiko kolpea jaso dute gaurkoan. Vox alderdi ultraeskuindarraren helegite bat aintzat hartuta, EAEko Auzitegi Nagusiak 2023ko irailean emandako epaia berretsi du Espainiako Auzitegi Gorenak eta, beraz, baliogabetu egin ditu EAEko udal legearen bidez euskara sustatzeko dekretuaren zenbait arau.
2023ko epai hartan, EAEko auzitegiak ebatzi zuen udal legea hizkuntza gaietan arautzen duen 179/2019 dekretuko 9.2 artikulua, 11. artikuluaren lehengo atala, 12. artikulua eta 17.1 artikulua baliogabetzea, baita beste zenbait artikuluren edukiak ere. Gorenaren epaiak soilik 12. artikulua jo du ontzat, zeinak euskaraz "normaltasunez" jarduteko aukera ematen dien tokiko entitateei. Irmoa da gainontzeko guztien baliogabetzea.
"Lehentasuna" baliogabetuta
EAEko Auzitegi Nagusiak 2023an agertu zituen arrazoibideekin bat eginez, orain Madrilgo auzitegiak ebatzi du euskara sustatzeko neurriak "neurtuak" izan behar dutela, eta hizkuntza koofizialak dauden herrialdeetan batek ezin duela "lehentasunik" izan bestearen gainean. "Ezin da neurririk hartu hizkuntza koofizialetako bat gailentzeko, horrek berak urratu egingo lukeelako koofizialtasuna", jasotzen du epaiak.
Gorenaren epai irmoaren arabera, ezin da auzitan jarri herritarrek udal erakundeekin duten harremanetan hizkuntza hautatzeko duten eskubidea. Hala ere, erabaki horren ondorioz, euskarak babesa galduko du administrazio publikoan, eta tokiko erakundeek hizkuntz politikak garatzeko hainbat eskumen galduko dituzte.
Bi hizkuntz koofizialen "desoreka" ekiditeko aitzakipean, idatziak euskara hutsean sortzeko modua ematen zuten arauak baliogabetuko dituzte. Gainera, 9.2 artikulua atzera botata, udal erakundeek galdu egingo dute euskarazko funtzionamendua bideratzeko lege esparrua. 11. artikuluaren lehen atala baliogabetzearen ondorioz, hizkuntza irizpide propioak ezartzeko ahalmena galduko dute udalek. Ahozko harremanetan euskara lehenesteko aukera ematen duen 17.1 artikulua ere atzera bota du Gorenak, esanez inolako "baldintza soziolinguistikotan" ere ezin dela euskara lehenesteko neurririk hartu.