Arroabeko karmenak 2025

Herri kirolen ikuskizunak girotu ditu Arroabeko Karmenak

Maddi Txintxurreta 2025ko uzt. 17a, 09:32

Karmenetako bigarren eguna izan zuten atzo Arroabean, eta herri kirolen ikuskizunaz gozatzeko aukera izan zuten herritarrek. Harrijasotzen nahiz pentatloi erako proban aritu ziren kirolariak.

Jendez lepo zegoen plazako terrazatik altxarazi zituen atzo, asteazkena, 17:00ak pasata hasi zen herri kirolen ikuskizunak. Frontoi atzekaldeko harmailetan eseri ziren bezperatik Karmenak ospatzen ari diren herritarrak, Elene eta Udane Ostolaza ahizpak, Jon Zaldua, Jakes Iruretagoiena, Jon Unanue Goenatxo III.a eta Imanol Royo Lartain erakustaldia emateko prestatzen ari ziren bitartean.

Goenatxo III.a eta Lartain hasi ziren, 175 kiloko harria seina jasoaldirekin menderatuta. Atzetik, 62,5 kiloko zilindroa bi minututan ahal beste aldiz altxa zuten Orioko ahizpek, eta harmailetan batutako jendearen animoen laguntzarekin, 20 aldiz lortu zuten harria sorbaldara altxatzea.

Gaur egun herri kiroletako probetan gutxi ikusten den ingudea altxatzen aritu ziren gizonak, 130 kiloko burniari aurre eginez. Beranduago, harri baldarrei ekin zieten gizon eta emakumeek, lehenengoek 105 kilo bota zituzten bizkarrera, bigarrenek, berriz, 65 kiloko harria altxatu zuten.

Bestalde, pentatloi erako proban lehiatu ziren Jon Zaldua eta Jakes Iruretagoiena Izeta V.a. Harrijasotzen, aizkoran, txingatan, giza proban eta korrika aritu ziren eta, alde estuarekin, Izeta V.a zarauztarra izan zen azkarrena.

Herri kirolak bukatu ostean, frontoian elkartu ziren Arroabeko herritarrak, sagardo dastaketan parte hartzeko. Erkizi eta Enaitz trikitilariek alaitu zuten dastaketa.

Igandera arte festetan murgilduta izango dira auzotarrak. Hona hemen datozen egunetako egitaraua:

Gaur, osteguna: 

  • 11:00. Futbito txapelketa. 
  • 12:00. Meza.
  • 14:00. Jubilatuen bazkaria. Ondoren, Elaia eta Jare Izagirre trikitilariak.
  • 17:30. Buruhandiekin kalejira.
  • 18:00. II. Etxera esku pilota txapelketaren finala. 

Bihar, ostirala: 

  • 11:00. Ume jolasak.
  • 13:00. Umeen bazkaria.
  • 15:00. Puzgarriak. Ondoren, apar festa.
  • 19:00. Punttu Kakotx elektrotxaranga.
  • 21:00. Herri afaria.
  • 23:00. Bide Batez erromeria, Costmix eta Peru DJak, eta Pozo.
  • Goizaldean, gaupaseroen jolasak eta gosaria.

Uztailak 19, larunbata: 

  • 11:00. Paella lehiaketa.
  • 14:00. Kuadrillen bazkaria.
  • 17:30. Albara ganadutegiko zekor enbolatuak, Joxe Migel plazan. Ondoren, Zumaiako Karropoteua.
  • 23:00. Bikabi, La Txama eta Indate DJa.

Uztailak 20, igandea: 

  • 10:30. Txistulariak.
  • 11:00. Kalaka jolas kooperatiboak.
  • 13:00. Zestoako bandaren kontzertua.
  • 17:00. Buruhandiekin kalejira.
  • 17:30. Asto proba.
  • 19:00. Izer eta Alabierrekin erromeria.
  • 22:00. Karmentxuren agurra.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide