Zestoako Udalak ireki du iraileko Amabirjin jaietako paella lehiaketan izena emateko epea. Aurten irailaren 6an egingo dute, larunbatez. Egitasmoan parte hartu nahi duten taldeek edo kuadrillek hilaren 18ra arteko (13:00ak) epea izango dute izena emateko, eta udalak adierazi duenez, epez kanpo apuntatzen den talderik ez dute onartuko.
Udaleko Kultura Saileko 688 73 56 52 telefono zenbakira Whatsapp bidezko mezua bidalita eman behar da izena. Halaber, iaz sare sozial horretan eratutako Paella 2024 taldean dauden ordezkariek bide hori baliatu ahal izango dute izena emateko. Kuadrillaren izena, arduradunaren izena eta telefono zenbaki bat zehaztu beharko dituzte herritarrek izena ematerakoan.
Uztailaren 18an argitaratuko du udalak izena eman duten taldeen nahiz kuadrillen zerrenda Paella 2025 Whatsapp taldean, eta hilaren 21ean, astelehenez, 12:00etan egingo dute zozketa Kultur Etxean –irekia izango da zozketa, eta beraz, nahi duenak izango du joateko aukera–.
Zozketa horretan ateratzen diren sei taldeek egin beharko dituzte paella lehiaketaren antolaketa lanak, eta horiek gainerako talde denak bilera batera deituko dituzte aurrerago.