Zestoari finalaren atarian bukatu zaio Herriarteko bidea

Nerea Uranga 2025ko eka. 21a, 20:14

Zestoa Oiartzunen kontra Herriarteko finalaurrekoan, gaur Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan. (Oier Arregi)

Finalaurrekoa Oiartzunen kontra 1 eta 5 galdu dute Abantzuko pilotariek, eta horrenbestez haientzako bukatu da txapelketa. Dena den, balentria bikaina egin du Zestoak, lau hamarkada geroago berriro sartu da eskuzko Herriarteko finalaurrekoetan.

Zestoari aurreko asteburuan jarri zitzaion eskuzko Herriarteko finalerako sailkatzeko bidea maldan gora, finalaurrekoetako joanekoa 0 eta 3 galduta. Gaur arratsaldean itzulikoa jokatu dute Abantzuko pilotariek Oiartzunen kontra, Madalensoro pilotalekuan. kadeteetan Zestoa nagusi izan bada ere, gazteen eta nagusien mailako partidak galdu egin ditu. Beraz, Oiartzunen kontra 1 eta 5 galduta, txapela jokatzeko bidea eten zaio Zestoari.

Gaurkoan Zestoak kadeteen mailan 18 eta 22 irabazi dio Oiartzuni; gazteetan 22 eta 6 galdu dute eta nagusietan 22 eta 17 galdu.

Zestoaren eta Oiartzunen arteko Herriarteko finalaurrekoa gaur. (Oier Arregi)

Dena den, aurtengo eskuzko Herriartekoan 1980ko hamarkadaren hasierako lorpena berritu du Zestoak. Izan ere, aurten bezala, orain dela 43 urte iritsi ziren Zestoako pilotariak Gipuzkoako Herriartekoaren finalaurrekoetara. Aurten, final-laurdenetan Bergara kanporatuta lortu du Zestoak finalaurrekoetara sailkatzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide