Zestoak lau hamarkada baino gehiago zeramatzan eskuzko Herriarteko txapelketan finalerako txartelaren lehian sartu gabe, eta aurten hori lortu du, baina atzokoa eta gero, oso aldapa gora jarri zaio finalaurreko kanporaketa. Abantzuko pilotariek Gurutzeaga pilotalekuan jokatu zuten joanekoa, Oiartzunen kontra, baina etxean jarduteak eman dezakeen babesarekin ere, ezin. Jokatutako hiru partidak galdu zituzten zestoarrek, eta horietatik bi alde handiz.
Kadeteen mailan, Urrestillak eta Zabalak 6 tanto besterik ez zituzten egin, Oiartzungo Iradi eta Oyarzabal 22 tantora iritsi ziren bitartean. Gazteen mailan, beste horrenbeste. Azkuek eta Uriak osatutako bikoteak 6-22 galdu zuen Olaiz-Zelaiaran bikotearen kontra. Nagusien mailan, estuagoa izan zen lehia. Odriozolak eta Sasiainek lau tantogatik galdu zuten Lasaren eta Zabaletaren kontra; 18-22 hain zuzen.
Itzulerako partidak datorren asteburuan jokatuko dituzte Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan –eguna eta orduan zehazteke dituzte oraindik–. Zestoak finalerako txartela eskuratuko badu, hiru partidak bai ala bai irabazi beharko ditu aurrena, eta horrez gain, tanteoan nagusi izan beharko du. Dudarik gabe, zail jarri zaio finalean sartzeko borroka, baina jokatu arte ez dago jakiterik.