Nahia Doñelfak eta Maider Cachonek irabazi dute Arroabeko Udaberriko V. Argazki Rallya

Mailo Oiarzabal 2025ko eka. 17a, 16:49

16 urtetik beherako irabazle Nahia Doñelfaren argazkia. (Nahia Doñelfa)

16 urtetik beherakoen saria jasoko du Doñelfak ekainaren 27ko sari banaketa ekitaldian, eta 16 urtetik gorakoen sailekoa Cachonek; argazki artitiskoenaren saria ere Cachonentzat izango da, eta argazki dibertigarrienarena Nara Merinorentzat. Epaimahaiak eta herri botoak emaitza berbera eman dute.

Arroabeko Udaberriko V. Argazki Rallyan saritutakoen izenak gaur jakinarazi ditu Ezkaizto auzo elkarteak. Nahia Doñelfa, 16 urtez azpikoen sailean, eta Maider Cachon 16 urtetik gorakoetan, izan dira maiatzaren 5ean egin zuten rallyaren irabazleak.

16 urtez azpikoetan Irati Iribarrek jasoko du bigarren saria, eta Markel Gallegok hirugarrena; 16 urtetik gorakoen artean, berriz, Sonia Alvarez sailkatu da bigarren, eta Josune Larrañaga hirugarren. Sailkapen nagusiko sail bakoitzeko aurreneko hirurak ez ezik, argazki artistikoena eta dibertigarriena ere saritu dituzte Arroabeko rallyan: Cachon beraren irudi bati eman diote argazki artistikoenaren saria, eta Nara Merinorentzat izango da argazki dibertigarrienarena.

Epaimahaiak erabakitako sariez gain, herritarren botoek erabakitakoak ere banatzen dituzte Udaberriko Argazki Rallyan. Aurten, emaitza berbera eman dute epaimahaikideen eta herritarren botoek, azken horiek ere Doñelfaren eta Cachonen aldekoak izan baitira.

Datorren asteko ostiralean, ekainaren 27an, banatuko dituzte Arroabeko Udaberriko V. Argazki Rallyaren sariak. Eskola Zaharrean egingo dute ekitaldia, 19:00etan.

Saritutako argazkiak

Nahia Doñelfaren argazki irabazlea da goikoa, rallyko Ikusi makusi... hasi F letrarekin! gaiari dagokiona.

Honako hauek, berriz, gainerako bost sarituen argazkiak eta bakoitzari dagokion gaia dira:

(Argazkia: Maider Cachon / Gaia: 'Oinetakoak dituzten oinak')

(Argazkia: Irati Iribar / Gaia: 'Lorea(k) eta loreontzia(k)')

(Argazkia: Markel Gallego / Gaia: 'Ikusi makusi... hasi F letrarekin!')

(Argazkia: Sonia Alvarez / Gaia: 'Argi kontra')

(Argazkia: Josune Larrañaga / Gaia: 'Atea')

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide