Zestoan "memoria osoa" josteko beste urrats bat emango dute Aranzadik eta udalak

Maddi Txintxurreta 2025ko eka. 6a, 13:57

Jabi Buces eta Mikel Arregi, Zestoako udaletxean eskaini duten prentsaurrekoan. (M. Txintxurreta)

Bi urteko iraupena izango duen ikerketa abiatu dute Aranzadik eta Zestoako Udalak. Batetik, Bigarren Mundu Gerraren garaian Arozena hotelean izan ziren errepresaliatu belgikarren inguruko informazioa jasoko dute, eta, bestetik, 1942 eta 1944 artean Arroabeko langileen bataloiari buruzkoa.

Zestoan memoria historiko "osoa" eraikitzen segitzeko asmotan, lankidetza hitzarmen berri bat sinatu dute Aranzadi zientzia elkarteak eta udalak, Jabi Buces Aranzadiko ikertzaileak eta Mikel Arregi alkateak gaur prentsaurrean jakinarazi dutenez. Zehazki, Bigarren Mundu Gerraren garaian Arozena hotelean izan ziren errepresaliatu belgikarren inguruko informazioa jasoko dute batetik, eta bestetik, 1936ko gerraren ostean Arroabean kokatu zen langileen bataloiari buruzko datuak eta kontakizunak bilduko dituzte.

Aranzadik eta Zestoako Udalak urteak daramatzate herriko memoria historikoa errekuperatzeko elkarlanean, eta horren adierazleetako bat da Ione Zuloaga historialari azkoitiarraren Zestoa 1936-1959. Giza Eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan argitalpena. Aranzadik lau urtez garatu zuen ikerketaren emaitza izan zen lan horretan, Zestoan gerraosteko errepresioak izan zuen eraginaren kontakizun zabala jaso zuen Zuloagak, baina, oraingoan, kasu zehatzagoak ikertzeko zorroztuko dute begirada. Jadanik abian den ikerketak, beraz, Arozena hotela eta Arroabeko langileen kolonia ditu fokupean. 

Arroabeko langileen batailoia

Arroabeko langileen kolonia da ikergai nagusia. Bucesek eta Arregik azaldu dutenez, 1942ko abuztutik 1944ra bitartean presoen destakamendu bat kokatu zen Zestoako auzo horretan, eta erregimen frankistak esklabu lanak egitera behartzen zituzten han gatibu zeuden pertsonak. Aranzadiko ikertzailearen arabera, 60 preso inguru zeuden han 1942an, eta 115 urtebete beranduago.

Zehazki, Arroabeko zementu fabrikan zeuden preso, eta han aritzen ziren lanean, esklabuen baldintzetan. "Presoak tranbia eraikitzeko erabili zituzten, eta estatuak militarizatuta zuen ABC Ferrocarriles y Construcciones enpresak egin zuen obra", azaldu du Bucesek.

Bucesek eta Arregik esan dutenez, pentsatzen dugu Arroabean preso egon ziren lagunen senide batzuk egun inguruko herrietan bizi direla, Zumaian, Aizarnazabalen edo Zestoan, kasurako, eta haiekin harremanetan jartzeko asmoa daukate, langileen batailoiko bizipenak ezagutzeko.

Bestalde, egun itxita dagoen Arozena hotelean Bigarren Mundu Gerraren errepresioa jasan zuten hainbat belgikar egon ziren preso. Garai hartan Espainiako Estatua Francoren erregimenaren menpe bazegoen ere, "estatu neutrala" zen mundu gerraren testuinguruan, eta askok alde egin zuten bertara, naziengandik ihesi. Egun Arozena dena Oyarzabal hotela zen orduan, eta Belgikako erresistentziako pertsona ugari egon ziren han. Zestoako alkateak zehaztu duenez, badaude egonaldi horren artxibo grafikoak, baina ikertzeke dago gaia.

Bi urteko ikerketa

Ikerketa horiek gauzatzeko, senideekin edo informazioa izan dezaketen herritarrekin hitz egiteaz gain, tokiko artxiboa nahiz han eta hemengo artxibo militarrak arakatzen ari da Aranzadi. Bestalde, informazioa izan dezaketen herritarrei elkartearekin kontaktuan jartzeko deia egin diete, memoria@aranzadi.eus helbidera idatzita edo 943-46 61 42 telefono zenbakira deituta.

Horrez gain, aurreratu dute irailetik aurrera indartuko dutela ikerketa, eta orduan hasiko direla herritarrekin harremanetan jartzen. Bulego bat irekitzeko asmoa ere adierazi dute, herritarrek informazioa eman eta jaso dezaten.

Ikerketak bi urteko iraupena izango du, eta amaitzean, dibulgazio lana egingo dute Aranzadik eta udalak. Izan ere, Arregik adierazi duenez, halako lanak "ezinbestekoak" dira egia, erreparazioa eta justizia lortzeko. "Bere memoria ezagutzen ez duen herria bere historia errepikatzera kondenatuta dago", nabarmendu du. Jabi Bucesek, halaber, Zestoako Udalak memoria historikoarekin duen konpromisoa goraipatu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide