Isildutakoen historia eta memoria, Zestoan ere azalera

Mailo Oiarzabal 2023ko ira. 24a, 18:04

Aranzadik Zestoako Udalarekin hitzartuta azken lau urteetan egin duen lana bi liburuki marduletan jaso, eta gaur eguerdian aurkeztu dute Zestoa 1936-1959. Giza Eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan argitalpena. Herritar asko izan da ekitaldian eta udaletxeko areto nagusia benetan txiki geldituda, atetik kanpo ere gelditu da jendea.

Igande eguerdi eguzkitsuan, dozenaka herritarrek txiki, oso txiki, utzi dute Zestoako udaletxeko areto nagusia; barruan libre ziren txoko guztiak beteta, atetik kanpora gelditu dira bat eta bi baino gehiago. Liburu eta argitalpen guztiek ez dute halako ikusminik eragiten, baina udaletxera joan diren horietako askoren testigantzekin eta testigantzei esker osatutako Zestoa 1936-1959. Giza Eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan argitalpena aurkeztu dute gaur, eta antzeman da hori.

Herriko oroimen historikoa eta giza eskubideen urraketak ikertzeko hitzarmena sinatu zuen duela lau urte Zestoako Udalak Aranzadi zientzia elkartearekin, eta azken lau urteetan egindako lana bi liburuki marduletan jasota gelditu da. Igande eguerdia izan, eta udaletxetik metro gutxira dagoen elizako kanpaien mezarako deiaren zein meza amaierakoaren burrunbak bitan eten ditu ekitaldiko hitzartzeak, baina ez du eragotzi isildutakoen historia eta memoria azaleratu dituen lana plazaratzea.

Berandu bai, beranduegi ez

Hitzak eta musika uztartu dituzte aurkezpenean, eta adi-adi jarraitu dituzte guztiak aurkezpenera joan diren herritarrek.

Mikel Arregi alkateak ireki eta itxi du hitzartzeen txanda, eta Juantxo Agirre Aranzadiko idazkari nagusia eta Ione Zuloaga, Zestoako ikerketaz arduratu den Aranzadiko historialari azkoitiarra, izan dira ekitaldiko beste bi hizlariak. Zestoan egindako lan bera herri askotan gauzatu du edota gauzatzen ari da azken urteetan Aranzadi, udalekin batera, 1936an Errepublikaren kontra armekin altxatu eta gailendu zirenen garaipenak hamarkada luzez isildu eta ezabatutako kontakizunak, historia, berreskuratzeko eta kontatzeko. Lan horren garrantzia azpimarratu dute gaurko ekitaldian hitza hartu duten guztiek, eta atsekabe puntua adierazi ere bai, lan horri ekiterako denbora asko joan delako; eta denborarekin batera, baita historiaren lekuko zuzen izan zirenetako gehienak ere.

Hala ere, "horrelako ikerketentzat eta aitortzentzat, erreparazioa eta egia bilatzeko, inoiz ez da berandu", Zestoako alkatearen ustez: "Gaur ez da ezer amaitzen, gaur hasi egiten da, gauza asko gertatu zirelako. Batzuk jasota daude; zoritxarrez, urte hauetan guztietan gure artetik jende asko joan zaigu eta beste gauza asko jakin gabe geldituko gara, agian. Baina jakingarria den hori guztia behintzat jakin beharra daukagu, eta ondorengoei adierazi beharra ere bai. Guretzat betebehar bat da".

"Historia gabeko herriek ez dute etorkizunik, eta gu historia egiten ari gara", esan du, ildo beretik, Aranzadiko idazkari nagusiak. Aranzadiren gisako zientzia erakundeen zein unibertsitate publikoaren lana eta metodo zientifikoa goraipatu ditu, besteak beste, Agirrek. Zientzia elkartea gerran eta gerraostean desagerrarazitako hildakoen gorpuak deshobiratzen 2001ean hasi zela ekarri du gogora, eta Zestoan bezala Euskal Herriko herri gehienetan gerrako eta gerraosteko memoria galdua berreskuratzeko lanak denboran hainbeste luzatu izanaz aritu da Agirre: "Nork idazten du historia? Francok idatzi zuen bere historia, garailearena. Gernika guk bonbardatu genuen. Lau hamarkadaz horrela irakatsi zuten unibertsitatean eta ikastetxe guztietan. Kontrakoa debekatuta zegoen; Hegoamerikan edo Frantzian argitaratzen zituzten liburuak hemen gertatutakoaren inguruan. Berrogei urteko inertzia horrek iraundu du, eta alkate jaunak esan du, berandu da, 87 urte. Baina 1936an sortutako iskanbila hura luzatu egin zen gure herrian, bide luzea izan du".

Bi mezu eta esker on ugari

Zuloaga ikertzaileak eskerrak emanez hasi du bere hizketaldia, eta eskerrak emanez bukatu. Gaurko ekitaldia "berezia" dela adierazi Aranzadiko historialariak, "orain gutxira arte etxeetan mantendu behar izandako egiak gaur plazara ekarri baikaitu".

1936ko gerra hasi zenetik 87 urte joan dira, eta horrenbestez, hura zuzenean bizi zuten gehienak hilda daude. Baina Zestoan memoria historikoa berreskuratzeko lekukotzak eman dituztenetako batzuek gerra eta harek eragindako "sufrimendua eta une latzak" zein ondoren etorri zen diktadura frankista "latz eta anker hura" bizi behar izan zituztela ekarri du gogora Zuloagak; eta horiei, joan ziren haien senideei, zuzendu zaie, "omenaldi hau zuena ere bada" esanez.

Gaur aurkeztu duten argitalpena hiru atal nagusitan banatuta dago: Errepublika garaiko urteen memoria, Francoren aldeko soldaduak Zestoara iritsi aurrekoa eta ondorengo errepresioa jaso dituzte bi liburukietan. Gerrak eta frankismoak Zestoa suntsitutakoaz, etendakoaz eta zapaldutakoaz, gerrak eta frankismoak suntsituez eta zapalduez, hitz egin du Aranzadiko historialariak, ikerketan eta argitalpenean jasotakoaren zertzelada txikiak aletuz. Frankismoak etendakoen artean, euskal errepublikaren aldeko aldarriak eta pausoak, eta euskararen eta euskal kulturaren pizkundea aipatu ditu. Hizkuntzari lotuta, gaur aurkeztu dituzten liburuek badute bitxikeria bat: zestoarren testigantzak Zestoako euskalkian jasotzea erabaki dute. "Etorkizunean norbaitek Zestoako euskalkiaren aldaerak aztertu nahi izango balitu, dokumentu aberatsa baiteritzogu ", esan du Zuloagak, eta euskalkiak "elkarrizketatuek esan nahi zutena modu argiagoan transmititzen duela" ulertzen dutela gaineratu du.

Elkarrizketatu dituen zestoarrek helarazitako "bi mezu" konpartitu nahi izan ditu historialariak gaur udaletxean elkartutakoekin: "Alde batetik, gerraren sufrimenduaren ostean, hura berriro ez errepikatzeko nahia adierazi duzue. Bestetik, sufrimendu eta ankerkeria horiek guztiak tarteko, aurrera egiteko indarra eta kemena". Lana osatzen lagundu duten zestoar guztiekin oso eskertuta hitz egin du Zuloagak ekitaldian zehar, eta bukaerako eskertzen zerrendan hau esan die: "Eskerrik asko zuei, isiltasuna apurtu eta egia jakiten lagundu diguzuen zestoar guztioi. Errepresioa jasan zuten zestoar guztiek merezi dutelako, hemen duzue gure errekonozimendua".

Datuak ere eman ditu, argitalpenean jasota daudenak. 3.000 biztanle inguru zituen Zestoak gerra aurrean. Haietatik ehundik gora izan ziren Francoren aldeko tropak herrian sartzerako ihes egin zutenak; beste ehun inguru gudari edo miliziano gisa aritu ziren; hamazazpi izan ziren gerrako frontean hildako edota desagertutako zestoarrak; 78 herritar epaitu zituzten gerra kontseiluetan, haietatik bederatzi emakumeak; 105 zestoar sartu zituzten preso, haietatik 11 emakumeak; hamabi herritarri ondasunak desjabetu zizkieten; sei fusilaturen berri jaso dute, fusilatutako zestoarrak zein Zestoan fusilatutakoak. Datu bilketari dagokionez, "Zestoan ere" bertako artxiboetan garai hartako "hainbat dokumentu falta" direla azpimarratu du Zuloagak; eta bestea, emakumeen ikusezintasuna: "Herri guztietan gertatzen da, emakumeen oso informazio gutxi dago. Oro har, gerra garaian zein diktaduran emakumeek pairatutako errepresioa ezkutatu edo ezabatu egin da gure memorietatik". Horri nolabaiteko kontrapisua jarriz, emakumeen bizipenak eta memoria jaso dituzte liburuko hiru ataletan.

Ekitaldiaren lehen minutuetan Esteban Urkiaga Lauaxetaren Mendigoixaliarena poema kantatu du Aizpea Aristik, eta kantuan agurtu nahi izan du Zuloagak ere bere hitzartzea. Mikel Laboak Gure hitzak kantuaren Bernardo Atxagaren hitzetatik pasarte hau aukeratu du: "Zer dio isiltzen denak isiltzen denean? / Gure hitzak, esan berriz esan / Ez daitezela ahaztu, ez daitezela gal".

Liburuak, udaletxean

Hitzartzeak bukatuta, eta aretoa ondorengo mokadutxorako prestatzen zuten bitartean, udalak aurkezpenera eraman dituen liburuak berehala agortu dira.

Horrela, aurkezpenera joan diren asko argitalpena eskuratu gabe gelditu dira momentuan, baina liburuak nahi dituenak udaletxean izango ditu bihartik aurrera eskuragai.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide