Irailaren 5etik 8ra ospatuko dituzte Amabirjin jaiak Zestoan, eta plazan zezenketak egin bitartean alternatiba kultural zabala eskainiko du aurten ere Gurea Kulturak estazio aldean, zehazki, ekainaren 7an, igandez, eta 8an, astelehenez. Bada, atzokoan, kontzertu batekin aurkeztu zuten prestatu duten egitaraua. Mahl Konbatek eskaini zuen emanaldia udaletxeko arkupeetan.
Musikari ekin aurretik, baina, hitza hartu zuten Gurea Kulturako kideek, argi adierazteko "torturarik gabeko herria" nahi dutela, eta guztiz gaitzesten dituztela zekorketak. "Animalien eskubideen defentsa irmoa egin nahi dugu, eta ulertzen dugu eskubide urraketa bat dagoen momentutik, praktika honek ez lukeela tokirik izan behar gure herrian", adierazi zuten.
Ohartarazi zuen, gainera, Zestoako zezen taldeak indarra hartu duela azken urtean, eta zekorketa gehiago egin nahian dabilela: "Hori onartezina izateaz gain, espazio publikoaren eta gure jai kulturaren abusutzat jotzen dugu. Ezin dugu onartu praktika hori, askok krudela eta beharrezkoa ez dela uste duguna, hazten jarraitzea oposiziorik gabe".
Ildo horretatik, Udala ere kritikatu zuten zekorketak diru publikoarekin finantzatzeagatik. "Zestoa aldaketa positiboaren, bizitzarekiko errespetuaren eta ospakizun inklusiboaren adibide izan daiteke eta izan behar du eta horren alde borrokatuko dugu", aldarrikatu zuten.
Egitaraua
Aurtengo Amabirjinetarako prestatu duten egitarauaren kartela zabaldu zuen Gurea Kulturak. Horrela, hiru talde taularatuko dira irailaren 7an, igandez: Ez ez ez, Makeda eta Sal del Coche. Astelehenean, berriz, Anarik eskainiko du kontzertua.