Hasi dituzte santakutzetako danborradako prestaketak

Nerea Uranga 2025ko api. 28a, 18:09

15:30 aldera hasita egin dute haurrek Santa Kutz eguneko danborradarako lehen prestaketa kiroldegiko atarian. Helduen danborradako taldeen txanda 20:00etan izango da, toki berean. Haurrek eta helduek hiruna entsegu egingo dituzte.

Argindar itzalaldiak eragina izan du Zestoako santakutzetako haurren danborradaren lehen entseguan gaur. "Danborradako gauzak toki batean eta bestean genituen gordeta, eta itzalaldiagatik haiek jasotzeko lana luzatu egin zaigu", adierazi dio danborradaren antolatzaile batek Gukari. Hala, ia 16:00ak jota hasi dira haurrak danborrak astintzen kiroldegiaren atarian; aurrez, taldeak eta kokalekuak antolatzen, danborrak gerrian lotzen, panderoak banatzen edota banderak muntatzen jardun dute guraso elkartekoek eta Zestoako Herri Eskolako irakasleek.

20:00etatik aurrera helduen danborradako taldeen entsegua izango da, hori ere kiroldegiaren atarian. Gainera, gaurkoan musika bandak lagunduta egingo dute helduek saioa.

Hiruna entsegu egingo dituzte haurrek nahiz helduek; gaurkoaz gainera, bihar eta etzi ere entseatuko dute.

Asteburuan ospatuko dituzte santakutzak Zestoan. Ostiralean, Santa Kutz bezperan, izango da helduen danborrada eta larunbatean, Santa Kutz egunean, haurrena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide