Zestoako Gazte Asanblada 36. urtemugako ospakizunetan murgilduta dago egunotan. Igandeko artisau azokak abiatu zuen hilaren 24ra arte luzatuko den egitaraua, eta larunbatekoa izango da egun handia. Hainbat ekintza antolatu ditu asanbladak goizetik hasita eta, ohikoa denez, bertsio gauarekin girotuko dute gaua.
11:00etan Arauntzako YK riders taldeak gurpil gaineko ikuskizuna eskainiko du Zubiaurreko pump truck zirkuituan, scooter-ak, skate-ak eta bizikletak erabilita. Zuzeneko musikarekin girotuko dute ikuskizuna.
Segidan, 13:00etan, Euskal Herriko gaztetxeei elkartasuna adierazteko argazkia egingo dute, eta 14:00etan egingo dute bazkaltzera. Bazkarirako tiketak Mollergi tabernan eskuratu daitezke, 12 euroren truke.
Arratsaldea, halaber, poteo musikatuarekin girotuko dute, 19:00etatik aurrera. Eta 22:00etan hasiko da festa gaztetxean, bertsio gauarekin eta mikro irekiarekin.