Auzolana eta sendabelarrei buruzko ikastaroa egingo dituzte igandean Amillubin

Maddi Txintxurreta 2025ko api. 9a, 08:30

Iaz lehenengoz egin zuten Udaberriko Festaren irudia. (Ihintza Elustondo)

Auzo(p)lana egingo dute igandean Amillubin: auzolana lehenengo eta sendabelarrei buruzko hitzaldia eta mokadutxoa gero.

Auzolana eta sendabelarrei buruzko hitzaldia egingo dituzte igande honetan Iraetako Amillubi baserrian, 09:00etan hasita.

Aurten martxan jarri duten Auzo(p)lana egitasmoaren baitako bigarren saioa izango da igandekoa. Amillubiko lanetan laguntzera agertzen diren herritarrei, hitzaldi edo tailer bat eskaintzen diete antolatzaileek eta, amaitzeko, mokadutxoa ere bai.

Igandean, 09:00etan ekingo diote auzolanari eta, atseden txiki baten ostean, 12:30ean hasiko dute sendabelarrei buruzko tailerra. Zehazki, begetalak lehortzeari buruzko saioa egingo dute, Amillubi Lurra Taupaka proiektuko arduradunek azaldu dutenez: "Nola lehortu sendabelarrak, begetalak lehortzeko prozesuak, eguzki-lehorgailuak..."

Amaitzeko, mokadutxoa egingo dute 14:30ean. Lagundu nahi duen herritar oro Auzo(p)laneean parte hartzera gonbidatuta dagoela agertu dute antolatzaileek.

Maiatzean, udaberriko festa

Halaber, iaz egin bezala, Udaberriko Festa egingo dute Amillubin aurten ere. Maiatzaren 10an izango da, larunbatez.

Egitarauaren ingurukoak aurrerago zehaztuko dituzten arren, aurreratu dute goizean bi mahai inguru egingo ditutela, etorkizuneko janaria nork ekoiztuko duen hausnartzeko. Bitartean, umeen txokoa martxan izango dute, eta bazkari agroekologikoa egingo dute eguerdian.

Arratsaldea, berriz, festarako unea izango da. Umorezko saioak, kontzertuak, eta beste hainbat ekintza prestatuko dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide