Gesalaga kaleko irteera itxita egongo da sarri egunotan, asfaltatze lanengatik

Mailo Oiarzabal 2025ko mar. 31a, 17:14

Gesalaga kaleko bidegurutzea itxita eta beharginak lanean, gaur arratsaldean. (Mailo Oiarzabal)

GI-631 errepidearen bulebarizazio lanak aurrera doaz eta, besteak beste, Arocena hotel zenaren aurreko bidegurutzea ere itxura berria hartzen ari da.

GI-631 errepidearen bulebarizazio lanak aurrera doaz Zestoan. Egunotan, osteguna bitartean –osteguna barne–, asfaltatze lanak egingo dituzte, eta GI-631 errepideari ez ezik, herriguneko trafikoari ere eragingo diote.

Izan ere, gaur bertan hasita, Gesalaga kalean ere hasi dituzte asfaltatze lanak. Duela hilabete pasa ibilgailuentzako sarrera-irteerak berrantolatu zituztenetik, ordurarte herrigunera sartzeko zein herrigunetik irteteko erabil zitekeen Gesalaga kaleko bidegurutzea –Arocena hotela zenaren aurrekoa– errepidera irteteko bakarrik erabil daiteke. Baina, bidegurutzeari berari eta horren inguruko bideei eta espaloiei aurrerantzean izango duten itxura emateko lanetan ari dira, eta behin baino gehiagotan itxita izaten dute bidegurutzea bera.

Egunotan ere sarri aurkituko dute ibilgailu gidariek Gesalagatik GI-631 errepidera irteteko bidegurutze hori itxita, asfaltatze lanak egingo baitituzte astean zehar, ostegunera arte, 08:00etatik 17:30era arte. 17:30etik goizera arte, aldiz, erabili ahalko da bidegurutze hori errepidera irteteko.

Gesalaga kalea itxita, gaur arratsaldean. (M. Oiarzabal)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide