Enekosauztegi kalea irekita, herrigunerako sarrera-irteeretan aldaketak izango dira bihartik Zestoan

Mailo Oiarzabal 2025ko ots. 24a, 17:52

Aurrerantzean, Gurutzeagatik eta Gesalagatik ezingo dira ibilgailuak herriguneratu; Enekosauztegi eta Toribio Altzaga kaleak bakarrik erabili ahalko dira GI-631 errepidetik herrira sartzeko.

GI-631 errepidea bulebarizatzeko eta herrian trafikoa berrantolatzeko egitasmoaren barruan aldaketa garrantzitsuetako baten lehen eguna izango da biharkoa, otsailaren 25a, Zestoan.

Bihar irekiko dute berriro lanengatik trafikoarentzat itxita egon den Enekosauztegi kalea –Haur Hezkuntzako eskolaren edo perretixkoa-ren ondokoa–, eta aurrerantzean, kale hori izango da GI-631 errepidetik herrigunera ibilgailuz iristeko bi sarrera nagusietako bat; bestea, orain arte bezala, Toribio Altzaga kalekoa izango da –kostaldetik barrurako noranzkoan herrigunera sartzeko lehendabiziko bidegurutzekoa, gasolindegiaren azpikoa–.

Aldiz, orain arte herrigunera sartzeko erabiltzen ziren beste bi sarrera nagusiak deuseztatuta geldituko dira. Horrela, ibilgailuak ezingo dira herrira sartu ez Gesalaga kaletik –Arocena hotela zenaren aurretik–, ez Gurutzeagarako bidegurutzetik; azken bidegurutze horretan sartzea izango dute ibilgailuek, baina solik Ipintza kaleko eta kiroldegi atzeko aparkalekuetara joateko. Bai Gesalagako bidegurutzea, bai Gurutzeagakoa, herrigunetik irteteko geldituko dira bihartik, Toribio Altzagakoarekin batera.

Aipatutako aldaketak bihar 08:00etan jarriko dituzte martxan. Gurutzeaga kalean gaur dagoeneko antzeman zitezkeen bihartik indarrean izango den aldaketatem zantzuak, zoruan margotutako seinaleetan, batik bat; Enekosauztegi kalean, berriz, beharginak azken lanak egiten ari ziren artean gaur arratsaldean.

Trafikoaren sarrera-irteera nagusien aldaketak ezarri ondoren, aurrera jarraituko dute GI-631 errepidea bulebarizatzeko lanek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide