Apirilarekin batera dator, urtero bezala, Zestoako Gazte Asanbladaren urteurrena. Aurten, 36 urte betetzen ditu asanbladak, eta gazteek hainbat ekintza antolatu dituzte datozen asteetarako. Hain zuzen, apirilaren 6an hasita, astero egingo dituzte askotariko jarduerak Gaztetxean nahiz herriko beste hainbat lekutan.
Igandean artisauen azoka egingo dute Laranjadi plazan, 10:00etatik 15:00etara. Guztira, eskualdeko 22 artisauk jarriko dute postua, eta honako hauek izango dira: Kohpao studio, Nuk natura, Begirada Berriak, Ametsen Txokoa, Harrihari, Lamua, Sara sendabelarrak, Lok.atz zeramika, Amalda biobotanika, Aldaxka, Bihurri brand, Brewery Land, Bel-argi, Mimogoxo, Bile, Aiia, Aleizz, Gura Brand, Kako pitxiak, Lanaland, Nudame eta Miara design. Horiez gain, Gaztetxeko kideek postua jarriko dute bigarren eskuko materialarekin.
Azokak irekiko dute egitaraua, baina hurrengo astean jarraituko dute ekintzekin; izan ere, apirilaren 12an ospatuko dute urtemuga eguna, baina oraindik ez dute egitaraua jakinarazi. Hilaren 15ean Santakutzetako batzar irekia egingo dute, 19:00etan hasita Gaztetxean. Festen prestaketekin jarraituko dute hurrengo egunetan ere. Hain zuzen, auzolanak egingo dituzte hilaren 17an, 22an eta 24an. Azken egun horretan ping-pong txapelketa eta pintxo poteoa egingo dute.