Zestoako Musika Bandak 115 urte betetzen ditu aurten, eta hamaika ekitaldirekin ospatuko du urteurrena. Joan den asteburuan Elizondon (Nafarroa) eman zuen egitarau horren barruko lehen kontzertua, hango bandarekin adostutako elkartrukearen lehen zatia gauzatzeko, eta atzo etxeko aurrena eman zuen, Zestoako parrokian.
20:00etan hasita, musika klasikoa izan zen parrokian protagonista, eta asko izan ziren Beñat Etxabek zuzendutako saioa bertatik bertara entzutera joan ziren herritarrak.
115. urteurrena ospatzeko hitzordu nagusia maiatzaren 30ean jarri du Zestoako Bandak, baina horrez gain, beste hainbat saio ere egingo ditu: filmen soinu banden kontzertua (ekainaren 27an, Euskal Herria plazatxoan, musika eskolakoekin batera), Ama Birjina egunekoa (irailaren 8an, Laranjadi plazan), aurten euskal musikari eskainiko dioten Santa Zezilia egunekoa (azaroaren 22an, udaletxe azpian) eta Gabon kontzertua (abenduaren 24an, parrokian, musika eskolakoekin batera). Ohiko lau emanaldi horiekin borobilduko du Zestoako Musika Bandak bete-betea eta aberatsa datorren 115. urteurreneko urtea.