Herritar hainbat kalera atera dira Itaiaren deialdiari erantzunez

Julene Frantzesena 2025ko mar. 8a, 20:59

Matxismoaren aurrean, emakume langileok borrokara lelopean egin dute hainbat lagunek manifestazioa, 19:00etan hasita. Gaur egungo testuinguruak "antolatzeko eta mobilizatzeko beharra areagotu" duela uste du Itaiak.

Itaiak deitutako mobilizazioari erantzunez, hainbat lagun kalera atera dira Zestoan iluntzean. 19:00etarako zuten hitzordua jarrita plazan, eta hain zuzen, handik abiatu dute manifestazioa, Matxismoaren aurrean, emakume langileok borrokara lelopean. Aldarrikapenez bete dute ibilbidea, eta manifestazioa plazan bukatu dute, hasi duten leku berean.

Gaur egungo testuinguruak "antolatzeko eta mobilizatzeko beharra areagotu" duela uste du Itaiak. Europako agintarien gidaritzapean langileen bizi baldintzak okertu egin direla ohartarazi du, eta milaka emakume langileren miseria areagotu. Bestale, ideia atzerakoiak eta matxistak indarra hartzen ari direla salatu du Itaiak, eta esan du "ideologia erreakzionario horrek zuzenean" eragiten diela emakumeei. "Besteak beste emakumeon irudi otzana eta sexualizatua normalizatzen ari da, eta horrek emakumeon aurkako indarkerian zuzeneko eragina du. 

Itaiaren arabera, irtenbidea ez da etorriko alderdi instituzionaletatik. "Are gehiago, horiek arazoaren parte dira, Europako agintarien proiektua onartu dutelako, zeinak gerrarako aukera, estatuen autoritaritarismoa eta langileon pobretzea dakartzaten". Horrez gain, Itaiak adierazi du "sozialdemokraziaren porrotak sorturiko desatxikimenduak eskuinera" eraman duela "gizarteko sektore handi baten" pentsaera. Horregatik guztiagatik, Itaiak uste du instituzio kapitalistak ezin direla "eraldaketarako bitarteko gisa" ikusi.

(Argazkiak: Itaia)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide