Borroka feministaren aldeko eta faxismoaren aurkako aldarria eraman dute kalera herritarrek

Julene Frantzesena 2025ko mar. 8a, 13:10

Zestoako emakume feministen taldeak deituta, dozenaka lagunek manifestazioa egin dute eguerdian. Faxismoaren aurka, ausardia eta aliantza feministak lelopean egin dute aldarrikapenez betetako protesta.

Zestoako emakume feministen taldearen deialdiari erantzunez, dozenaka lagun elkartu dira gaur 12:00etarako plazan. Hitzordu berezia zuten, izan ere; Martxoaren 8a.

Manifestazioa egin dute plazatik abiatuta, eta ordu erdiren bueltan, hantxe bukatu dute trikitilariek lagunduta egin duten ibilbidea. Faxismoaren aurka, ausardia eta aliantza feministak lelopean egin dute aldarrikapenez betetako protesta; borroka feministaren aldeko aldarriak entzun ahal izan dira, baita ikusi ere, hainbat herritarrek antolatzaileek banatutako kartelak eraman baitituzte eskuetan.

Halaber, Zestoako emakume feministen taldeak manifestaziora elementu moreren bat emateko deia egin zien herritarrei, eta hori ere nabaritu da; izan ere, hainbat herritarrek soinean eraman dituzte arropa nahiz osagarri moreak. Mobilizazioari bukaera bertso batzuk kantatuta eman diote herritarrek, eta segidan, patata tortilla mokadutxoaz gozatzeko parada izan dute.

Zapalkuntza mekanismo berriak

Sabelak betetzerako, ordea, talde feministako kide batek irakurri du M8aren bueltako irakurketa. Hark esan duenez, egoera ez da askorik aldatu iazko martxoaren 8tik. "Desberdinkeriek bere horretan diraute, eta sistema zisheteropatriarkal kapitalista, kolonial eta arrazistak segitzen du birfundatzen". Duela urtebete zaintza sistema jarri zutela erdigunean gogorarazi du, eta aurtengoan, berriz, "emakume, trans eta bollerek" jasaten duten zapalkuntzan. Izan ere, haren hitzetan, "zapalkuntza mekanismo berriak eta botere erlazio forma konplexuak" antzeman dira azkenaldian: "Eskuin muturraren, faxismoaren eta jarrera erreakzionarioen gorakada ikusten da hainbat esparru eta sektoretan; sare sozialetan, prentsan, kalean, diskurtsoetan, proposamen politikoetan...".

Feminismoa "ezkerreko borroken erdigunera" eraman behar dela ere esan du, eraldaketarako ezinbesteko mugimendua delako feminismoa: "Feminismo antirrazista, antikolonialista, antikapitalista eta antiklasista". Halaber, indarkeria matxistan jarri du arreta, hainbat adibide jarrita, eta horiek denak sistema betikotzeko ezinbesteko tresnak direla adierazi du. Beste ardatzetako bat krisi ekosoziala dela esan du, "kapitalismoak, patriarkatuak eta kolonialismoak eragindakoa, eta bizitzak akabatzen dituena", eta horren atzean "negozioa eta merkantilizazioa" daudela adierazi du. Hirugarrenik, migrazio politikak jarri ditu jomugan, egungo sistema "arrazista eta koloniala betikotzen" duelako.

Gainera, hitzartzea bukatzerako, muduan zehar piztuta dauden gatazketan murgildutako herriak eta erresistentziak ari diren herritarrak ekarri ditu gogora taldeko kideak. "Babesa eta elkartasuna Palestinako, Saharako eta Kurdistango herritarrei".

Bestalde, herriko hainbat txokotan dira ikusgai atzo, ostiralez, herriko hainbat haurrek eta nerabek egin zituzten eskulanak. Martxoaren 8ari lotuta egin zituzten lanok, eta gaurko egunez herria apaintzeko baliatu dituzte horiek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide