Martxoaren 16an egingo dute Zestoako 45. Herri Krosa

Mailo Oiarzabal 2025ko mar. 4a, 16:45

Zestoako 44. Herri Kroseko bi lasterkari helmugara iristen. (Intza Trula)

10:00etatik aurrera egingo dituzte haurrentzako probak, eta 11:30ean hasiko da nagusiena; lasterketa luzea eta laburra aukeran izango dituzte azken horiek. "Herritarren partaidetza indartu eta sustatu" nahi du Zestoako Atletismo Taldeak. Herrikrosa.eus webgunean eman daiteke izena.

San Jose egunaren bueltako usadioari hutsik egin gabe, martxoaren 16an, igandea, egingo dute aurten Zestoako 45. Herri Krosa, Iñaki Iruretaren Oroimenezkoa. Zestoako Atletismo Taldeak udalarekin elkarlanean antolatutako probak atletismoaren bueltan festa giroa sortuko du aurten ere goiz osoan Zestoako kaleetara, adin guztietako herritarrentzako lasterketekin.

Hain zuzen ere, zestoarrei dei berezia egin nahi diete antolatzaileek 45. aldi honetan, "herritarren partaidetza indartu eta sustatu" nahi baitu Zestoako Atletismo Taldeak. Herritarrak parte hartzera animatzeaz gain, "aldez aurretik eskerrak eman" nahi dizkie atletismo taldeak herri krosa antolatzea posible egiten duten herriko elkarteei, guraso elkarteari, dendariei eta enpresei.

Denentzako probak

Martxoaren 16an 10:00etan hasiko dira lasterketak Zestoan. Herri erdigunean egingo dituzte lehendabizikoak, Gurutzetik plazara, herriko txikienei zuzendutakoak. 10:15etik aurrera, berriz, benjaminen, kimuen eta infantilen txanda iritsiko da; neskak eta mutilak aparteko lasterketetan arituko dira maila horietan.

Lasterketa nagusia 11:30ean hasiko da, eta hor lehiatuko dira kadeteetatik gorako maila guztietako korrikalariak. Aurten ere, lasterketa luzea (8.630 metro, zirkuituari hiru bira) eta laburra (2.770 metro, bira bakarra) aukeran izango dituzte helduek. Distantzia bakoitzean, sailkapeneko lehen bost mutilek eta neskek zein aurreneko zestoarrek jasoko dituzte sariak.

Iñaki Iruretaren Oroimenezkoaren proba nagusietan –luzean zein laburrean– parte hartu nahi dutenek dagoeneko irekita dute izen ematea herrikrosa.eus webgunean. 10 euro ordaindu beharko dituzte izena ematerakoan, kadeteek izan ezik; horien izen ematea doan da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide