Basaurin (Bizkaia) herriko San Fausto jaiak bukatzeko, festetako ikurra den Eskarabilera erraldoia irudikatzen duen buruhandia aireratzeko ohitura dute. Erraldoi horrek buru gainean ikatza eramaten zuten emakumeak irudikatzen ditu. Hamasei kuadrillek parte hartzen dute Basauriko jaietan, eta urtero kuadrilla bati egokitzen zaio jaien bukaeran buruhandia aireratzea. Iazko jaietan, urriaren 20an, Aldatxa kuadrillakoek aireratu zuten Eskarabilera.
Ohikoa izaten da, buruhandia aireratu ostean haren arrastoa galtzea. Hala ere, urte batean Normandian agertu zen, beste batean Txekiako Errepublikan, hurrengo batean Ibarrangelun (Bizkaia)... eta hara non, azken urtean, Zestoan aurkitu zuten, Basaurin aireratu eta ordu gutxitara. Izan ere, urriaren 21ean Jokin Artetxe arroarrak topatu zuen Eskarabilera Ondarbasotik gora Izarraitzen, oilagorrak ehizatzera joan eta etxerako bueltan zela.
Urriaren bukaeratik etxean izan du Eskarabilera buruhandia Artetxek, eta gaur itzuli die basauriarrei. Gaur eguerdian, Basauriko Basozelaiko Aldatxa kuadrillako ehun lagun inguru izan dira Zestoan, haiek aireratutako buruhandia jasotzeko eta hori aurkitu izanaren saria eta oroigarriak emateko Artetxeri. Zestoan ekitaldia egin dute festa giroan.
Alde biak gustura
Artetxek pozik parte hartu du basauriarrek antolatutako festan, eta Eskarabilera aurkitu zueneko unea ekarri du gogora. Oilagorrik gabe, baina buruhandi batekin itzuli zen etxera. "Ehiztaria naiz, eta urriko egun hartan txakurrekin oilagorretara joan nintzen Izarraitzera. Hiru-lau orduz mendian ibili ondoren, etxerako autoa hartzera nindoala, pinu artean gauza handi bat ikusi nuen, buruhandi moduko bat, hurbildu eta atzealdean plastikoz babestutako paper batean mezu bat idatzita zuela ohartu nintzen. Zorteko nintzela zioen mezuak, hura aurkitu nuelako 150 euroko saria nuela eta zer egin behar nuen azaltzen zuen: Basauriko udaletxera deitu...". Koinata Basaurikoa izanda, ezer egin aurretik hari deitu zion Artetxek. Hark azaldu zion bezperan Basauriko jaietan aireratzen ikusi zutela buruhandi hura.
Gaur arte "egunero" ikusi du etxean Eskarabilera Artetxek, "aurrena etxean eduki nuen, eta gero trastelekura jaitsi behar nuen, buruhandiak duen begiradak pixka bat inpresionatu egiten du eta". Buruhandia jasotzeko ekitaldian hainbeste basauriarrek parte hartuko zuenik ez zuen espero Artetxek, eta pozik agertu da Aldatxakoek azaldu dieten esker onarekin.
Artetxe gustura eta Eskarabilera jasotzeko ekitaldian parte hartu duten Aldatxa kuadrillakoak ere pozik agertu dira Zestoako herriak egindako harrerarekin. 11:30 aldera iritsi dira Zestoara eta 12:00etan hasi dute ekitaldia plazan. Artetxeri eta haren familiari harrera egin diote. Behin Eskarabilera jaso dutenean, ordainsariaz gainera hainbat oroigarri eman dizkiote arroarrari. Iera Marcos Aldatxa kuadrillako ordezkariak Gukari azaldu dionez, beren kuadrilla 500 lagun inguruk osatzen dute, baina gaurko ekitaldian ehun kidek parte hartu dute. "Eskarabilera aurkitzea ez da ohikoa, eta guk aireratutako urtean Zestoan agertu izana oso berezia izan da guretzat, eta oso pozik gaude lau hilabeteren ondoren berreskuratu dugulako".