Bazen behin Valentziako Carlet herrian (Herrialde Katalanak), XX. mendearen hasiera aldean, Amparito Roca izeneko neska bat. Maria Teixidorren piano ikaslea zen gaztea, eta Jaume Teixidor musikariaren alaba, halaber, Maria. Alabari eskainitako kantu bat sortzea eskatu zion Amparito Rocaren amak Teixidor aitari, eta horrela jaio zen Amparito Roca, Teixidorren sorkuntza ezagunena, eta handik urteetara eta zientoka kilometrotara Zestoako amabirjinetako ikur bihurtuko zen pasodoblea. 1925eko irailaren 11n estreinatu zuten pieza Carleten bertan, eta, beraz, aurtengo Ama Birjina jaiak pasatu berritan beteko ditu ehun urte Amparito Roca-k.
Pasodoble ezagunaren jatorria jasota dago hainbat iturritan, baina ez hala Amparito Roca-ren doinuek Zestoan sortzen duten eromen kolektiboaren sorburua. Hala dio Beñat Etxabek (Zestoa, 1994), herriko Musika Bandaren bitarteko zuzendariak. Herrian galdezka ibili da Etxabe, Zestoaren eta Amparito Roca-ren arteko amodio istorio bitxia nondik eta noiztik datorren argitze aldera, baina ez du erantzun zehatzik jaso. "Inork ez daki esaten noiz hasi zen edo zergatik", dio bandaren egungo zuzendariak, nahiz eta Amparito herrira noiz 'iritsi' zen jakina den: "Badakigu 1932an erosi zela partitura sorta bat, urte hartako maiatzean iritsi zela, eta tartean zegoela Amparito Roca-ren partitura". Harrezkero, 1936ko gerraren urteetan salbu, Zestoan "urtero" jo izan dute Amparito –horrela esaten diote sarri, abizen beharrik gabe–. Zekorketen atariko soinu banda da, eta egitarauan jaso ez arren, festa ekitaldi bat ere bai; askorentzat, bereziena.
Erdi Kalea sutan
Zezenketen aldekoen eta kontrakoen arteko polemikak alde batera utziz, Etxabek dio "Amparito herritarrentzako ereserki bihurtu" dela. "Zezenketak iragartzeko jotzen dugu beti. 17:30 inguru horretan, lehendabizi txistulariak eta dultzaineroak, eta gero gu ateratzen gara, kalejira egiteko. Berez, momentu horretan jotzen dugu; baina azkenengo urteetan, zezenketen ondorenean pasodobleen kontzertu moduko batzuk hasi gara egiten, eta berriro Amparito-rekin bukatzen dugu".
Zekorketen aurretik, zezen plaza bihurtutako herriko plazarako bidea Erdi Kalearen goikaldean hasten du Zestoako Musika Bandak, plazarako sarrera nagusiari bizkarra emanda, hain zuzen. Kalea bete jende izaten dute zain bandakideek, eta Amparito Roca-ren lehen akordeak entzutearekin bat pizten da sua. Etxaberentzat "zaila" da han sortzen den giro "berezia" azaltzea. "Urduritasuna" eta "eztanda" dira darabiltzan hitzetako bi: "Uste dut festak une horretan hasiko balira moduko sentsazioa dela herritarrentzako".
Bandakideentzat ere "oso momentu polita" dela aitortu du Etxabek. "Jendea zure zain nola dagoen ikusten duzu hasieran. Eta jotzen hasten garenean haien aurpegiak ikustea... Pasatu izan zaigu pieza hori jotzen ari garenean jendea negarrez hastea, emozioarekin". Etxabek berak musikari gisa zein zuzendari lanetan –iaz, lehen aldiz– bizi izan ditu Amparito-rekin eztanda egiten duten emozio horiek: "Bandan hasi aurretik ere seguru biziko nituela, baina ez daukat oroitzapen garbirik".
Erdi Kalean behera, Laranjadi barrenetik gora, herri kaskoan zehar eta eliza ondotik plazan sartu eta azken bira egin bitartean, zekorketa aurreko kalejiran beste piezarik ez du jotzen bandak: Amparito Roca. "Plazan, Zunzunegieneko harmailari begira geldialdia egiten dugu, eta udaletxeari begira bukatzen dugu pieza jotzea", azaldu ditu Etxabek bandaren zekorketa aurreko errituaren azken pausoak.
Urteurren urtea
Zestoako kutunak beste pasodobleek ez duten zerbait ote duen galdetuta ere, azaltzen zaila egiten zaio Etxaberi zerk egiten duen berezi Amparito. "Alaia da, festa giroa transmititzen duen pasodoblea", dio. Jotzeko "erraza" dela dio, pasodobleen artean festa girokoak eta ederrak diren gehiago badaudela ere bai. "Pasodobleak musikalki oso aberatsak dira".
Amparito Roca-ren mendeurrena ospatzeko "zerbait" egin beharko dutela dio Etxabek, baina ez daukate ezer zehaztuta. Izan ere, urteurren urtea dute 2025a Zestoan: Bandak berak 115 urte beteko ditu.
Teixidortarrak, Amparito eta Amparo
Pasodoble famatuaren eta Zestoaren arteko harremana ez da Jaume Teixidorrek Euskal Herriarekin duen lotura nagusia. Bartzelonan 1884an jaioa, Barakaldoko bandaren zuzendari izendatu zuten 1920ko hamarkadaren bukaeran, eta Bizkaiko herri horretan hil zen, 1957an. Maria Teixidor, berriz, 1993ko Santa Zezilia egunean hil zen; hamar egun lehenago, azaroaren 12an, hil zen Amparito Roca.
Carleteko Amparito Rocaren ia garaikidea izan zen Amparo Roca kupletista. Teixidorrek padosoblea hari eskaini ziola uste izan dute batzuek, baina egilearen gertukoen iturriek gezurtatu egin dute uste hori.