Santakutzetako danborradarako karroza lehiaketa antolatu du Zestoako Udalak

Ane Olaizola 2025ko ots. 3a, 16:02

Iazko danborradako karroza. (Nerea Uranga)

Zestoarrek otsailaren 24ra artean izano dute karrozaren maketak aurkezteko epea. Emaitza maiatzaren 3an ikusi ahal izango da, Santa Kutz eguneko umeen danborradan.

Santa Kutz jaietako umeen danborradan aterako den karroza egiteko lehiaketa antolatu du Zestoako Udalak. Hark gogoratu du urte askoan herriko boluntario talde batek egin izan duela umeen danborradarako karroza, eta beste zenbaitetan enpresa espezializatuei ere enkarkatu izan diela horren ardura. Ordea, erakundearen asmoa da "sormenari zein ideia eta ikuspegi berritzaile eta freskoei" tartea eskaintzea, eta horretarako, lehiaketa publikoa antolatu du azken urteetan egin izan duen moduan. Deialdia zabalik dago dagoeneko, eta adin nagusiko zestoarrek otsailaren 24ra artean aurkez ditzakete lanak, banaka edo taldean. Egindakoaren emaitza maiatzaren 3an ikusi ahal izango da, orduan egingo baitute umeek danborrada.

Lehiaketan parte hartzen dutenek karrozaren ideia eta diseinua aurkeztu beharko dute maketa baten bidez otsailaren 24ra arteko epean, eta irabazle suertatuz gero, berea izango da karroza egiteko ardura. Era berean, egilearen lana izango da karrozak inguruan behar dituen pertsonaiak bilatzearena zein haiek janztearena. Horrez gain, danborradaren egunean, karrozaren segurtasunerako behar diren pertsonak lortu beharko ditu irabazleak.

Karrozaren gaia librea izango da, baina egileek kontuan hartu beharko dute umeen danborradarako izango dela, eta ondorioz, umeen eta gaztetxoen esparruko gaiek lehentasuna izango dute. Era berean, udalak azaldu du gaiak izaera integratzailea izan beharko duela, eta baztertu egingo ditu edozein pertsona eta erakundeekiko konnotazio sexistak, xenofoboak, arrazistak eta iraingarriak dituen lanak.

Lehiaketako irabazleak 3.000 euroko saria jasoko du, eta hark danborradaren bezperara artean izango du lana gauzatzeko aukera, udalak jarritako lokal batean.

Lanak, udaletxera

Zestoako Udala. Foru plaza 1 – 20740 Zestoa helbidera bidali behar dira lanak. Aurkeztutako maketek izenburu bat izan beharko dute azpialdean, baina egilearen sinadurarik gabe aurkeztuko dira. Maketarekin batera, memoria ere aurkeztuko da, eta han ere maketak daraman izenburua jarriko da kartazalean. Maketarekin eta memoriarekin batera gutun azal itxi bat aurkeztuko da, kanpoaldean lanaren izenburuarekin. Gutun azalaren barrualdean, berriz, lanaren egilearen ondorengo datuek egon beharko dute: lanaren izenburua, izen-abizenak, helbidea, telefono zenbakia, helbide elektronikoa eta Nortasun Agiriaren fotokopia.

Lehiaketaren inguruko oinarri guztiak lotura honetan aurki daitezke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide