San Isidro kaleko zirkulazioaren gaineko beste batzar bat deitu du Zestoako Udalak biharko Arroabean

Mailo Oiarzabal 2025ko urt. 27a, 17:41

Zestoako San Isidro kalea. (Zestoako Udala)

Prozesuaren inguruan sortu diren "zurrumurruak eta gaizkiulertuak argitzeko" eta otsailaren 4ko bigarren bozketaren gaineko azalpenak emateko egingo dute bilera, Elkargunean, 19:00etan.

"Arroabeko erdigunea eremu seguruagoa" bilakatzeko Zestoako Udalak martxan jarritako prozesua joan den urtarrilaren 23ko bozketarekin bukatuko zela zirudien, baina ez dago halakorik. Bozketa hartan, auzoko trafikoaren sarrera-irteera nagusia den San Isidro kaleko zirkulazioa berrantolatzeko hiru proposamenen artean aukeratu behar zuten arroarrek, baina bi proposamenek boto kopuru bera jaso ondoren, otsailaren 4an bigarren bozketa egitekoak dira.

Baina, bigarren bozketa horren aurretik, bihar bertan hizpide izango dute berriro Arroabean San Isidro kaleko zirkulazioa. Izan ere, Zestoako udalak gaiaren inguruko beste batzar batera deitu ditu herritarrak, prozesuaren inguruan sortu diren "zurrumurruak eta gaizkiulertuak argitzeko" eta otsailaren 4ko bozketaren gaineko azalpenak emateko.

Elkargunean egingo dute biharko bilera, 19:00etan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide