Arroabeko San Isidro kaleak zer zirkulazio izan behar duen erabakitzeko batzarra adostasunera iritsi gabe amaitu zuten atzo, osteguna. Zestoako Udalak jarritako hiru aukeretatik bik boto kopuru bera lortu zuten, eta hori horrela, bozketa berdinketan amaitu zen. Hori horrela, otsailaren 4an bigarren bozketa egitea erabaki du Zestoako Udalak.
Batzuek, piboteak auzoko festa egunetan eta egun berezietan jartzearen alde egin zuten, horretarako errepidea itxiz. Beste batzuek, berriz, errepidea itxita, piboteak ordutegi konkretu batean jartzea bozkatu zuten: astelehenetik ostegunera, 16:00etatik 19:30era bitartean, eta ostiraleko 16:00etatik asteleheneko 08:00etara, asteburu osoan errepidea itxita edukiz.
Guztira, 534 pertsonak zuten atzo botoa emateko aukera, eta 143 bozka —%26,8ko parte hartzea izan zen— jaso zituzten. Udalak adierazi du horiek guztietatik 57 delegatutako botoak izan zirela. Arroabean erroldatuta eta adinez nagusia izatea ziren botoa eman ahal izateko ezinbestean bete beharreko baldintzak.
Bigarren bozketa, bi astera
Atzoko emaitza ikusita, udalak bigarren bozketa bat egingo du berdinduta amaitu zuten bi aukera horien artean. Otsailaren 4an, asteartez, egingo dute bozketa, 17:30etik 19:30era bitartean, Elkargunean. Dena den, botoa ematera joan ezin duten arroarrek Txaran bozkatzeko aukera izango dutela aurreratu du udalak. Gainera, erakundeak jakinarazi du botoa ematera norberak joan beharko duela; alegia, ezingo dela beste inoren izenean botorik eman.
Emaitza egunean bertan emango dute; izan ere, udalaren asmoa da 19:30etik aurrera botoak zenbatzen hastea eta herritarrei boto kontaketa bertatik bertara jarraitzeko aukera eskaintzea.