Maddi, zuk aitari oparitu zenion mapa batekin hasi zen Nepaleko abentura guztia, ezta?
Maddi Alberdi: Ni aurretik Nepalen egona nintzen, baina aita ni baino mendizaleagoa da, eta betidanik nahi izan du hara joan. Ingelesez moldatzen ez denez, orain arte ez da ausartu, eta biok elkarrekin joan gintezkeela pentsatu nuen. Himalaian biok batera egiteko trekkingaren mapa oparitu nion bere urtebetetze egunean, nik eskuz egina. 30-60 espedizioa izena jarri nion mapari, 2023an nik 30 urte bete nituelako eta aitak 60.
Zaila izan al zen bidaia antolatzea?
Juankar Alberdi: Mikel izeneko euskaldun batekin jarri ginen harremanetan, Zestoako kiroldegiko langile baten bidez. Mikelek 20 bat urte daramatza Nepalen bizitzen, eta halako bidaiak antolatzeko agentzia bat dauka han. Baimen asko behar dira halako bidaia bat egiteko eta hark lagundu zigun. Hamar bat eguneko trekkinga egin nahi genuela esan genion, masifikaziorik gabeko leku batean. Azkena irekitako ibilbidea da Manaslukoa, Himalaian, oso berria, eta hara joatea erabaki genuen.
Gyan gidarekin batera ibili zarete han. Nolatan jarri zineten berarekin harremanetan?
M.A.: Gida batekin ibiltzera behartzen zaituzte han, eta agentziak berak aurkitu zigun Gyan gida. Beti ere ona izaten da bertako norbaitekin ibiltzea, edozer dela ere bere laguntza izateko eta inguruko kontuak zein bitxikeriak azaltzeko. Gaztelaniaz hitz egiten zuen, gainera.
Zenbat metrotaraino igo zineten zuen trekkingean?
J.A.: 5.100 metro ingururaino. Ez da asko, baina muino bat bezalakoa da, igarobide bat. Egunsentiarekin oroitzen naiz, batere lainorik ez zegoen, eta oso jende gutxi zebilen han. Ikaragarria izan zen.
Hotz egingo zuen han goian. Ondo moldatu al zineten?
M.A.: Azkeneko etapa gogorra izan zen, hotz handia egiten baitzuen. Eskuak handik denbora batera ere oraindik sentitzen ez genituela ibili ginen. Besoak ukalondoetan amaitzen zitzaizkigula zirudien, eta hankak orkatiletan. "Anputatu egin behar ote dizkigute?", burutik hori ere pasa zitzaidan une hartan. Zorionez, baina, ez zen ezer gertatu.
Oxigenazio arazorik izan al zenuten?
J.A.: Nabari da aldea, baina nik uste aklimatazioa ere oso ongi egin genuela, poliki-poliki joaten ginen eta. Gure gidak lasai hartzeko esaten zigun, presarik gabe, bistārai bistārai. Bidean gurutzatu genituen batzuk goi-minak jo eta bueltan, ongi sentitzen ez zirelako. Baina guk ez genuen arazorik izan.
Beraz, zuen ibilbide bera egiten ari zen jendearekin egin zenuten topo han.
M.A.: Gure trekking bera egiten oso jende gutxi zebilen, 30 bat pertsona izango ginen asko jota. Everesten, berriz, ehunka lagun zebiltzan; oso masifikatuta dago hura.
Trekkingean, beldurrik edo une larririk igaro al zenuten?
J.A.: Beldurra baino kezka izan genuen gehiago, elurrarrengatik eta mendiko gaitzarengatik. Baina Gyan gidak lasaitasuna transmititzen zigun eta horrek ere lagundu zigula esango nuke. Azalpen gutxi ematen zizkigun, baina interesgarriak. Harengatik jakin genuen, esaterako, Himalaian 6.000 metrotik beherako mendiek ez dutela izenik. Halako mendi garaiak alboan izanda, txikiagoak ezerezean geratzen dira.
Mendi garaiak aipatu dituzue; paisaia aldetik, zer moduzkoa da hura?
M.A.: Dena da handia, oso handia. Zaila da hitzekin azaltzea. Argazkietan ez da horrenbeste nabari, baina Himalaian handitasuna da nagusi. Zoragarria da, baina aldi berean, Himalaiak txiki sentiarazten zaitu bere handitasunean, ezer izango ez bazina bezala.
Entrenamendu berezirik edo egin al zenuten Himalaiara joan aurretik?
M.A.: Aita astapotro bat da, eta hondartzako hondarra bizkarrean hartu eta mendira joanez ibili zen entrenatzen. Aurrena 20 kilorekin hasi zen, eta gero pixkanaka 30 kilo soinean zituela ibiltzen zen, pausoa ongi eman ezinda. Ni gutxiagorekin, 15 bat kilorekin. Egin genuen ibilbidea egiteko pisuarekin ohitu beharra dago, motxilak pisu handia hartzen baitu. Zamaketariak kontratatzeko aukera ere izan genuen, baina gu gure zamarekin joan ginen.
Trekkingetik kanpo, zein leku bisitatu dituzue?
J.A.: Hemezortzi bat eguneko bidaia izan zen, eta bidaiako zein mendiko egunak kenduta, gainerakoak Katmandu eta inguruko txokoak ezagutzeko aprobetxatu genituen. Katmandu izugarria da, kaos ordenatu bat. Kale bakarrean jendea, motorrak, autoak eta animaliak, denak batera ibiltzen dira zirkulazioan, elkarren aurka talka egin gabe. Harrigarria egin zitzaidan.
Hori izan al da bidaian gehien harritu zaituztena?
J.A.: Ni, agian, nepaldarrek harritu naute gehien. Ez dute inor estutzen, dena errespetuz eta presarik gabe egiten dute. Ez dago hemengo estresik, han daukaten bizitzeko ohitura da dena lasai hartzea. Lasaitasun horretan nik ere nire telefonoa deskonektatu nuen, beraiek bezala ibiltzeko.
M.A.: Nik ezin izan nuen halakorik egin, amarekin bederen kontaktuan egon behar bainuen ondo geundela esateko. Baina egia da hemen 200 bat urte atzera egitea bezalakoa dela han bizitzea. Askok ez dute ez telebistarik, ez irratirik, ez argirik.
Maddi, zuen Nepaleko abentura idatziz jaso eta Berria egunkariak antolaturiko Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketara bidali zenuen. Baita irabazi ere.
M.A.: Irakaslea naiz eta lan egiten dudan ikastetxean egunero Berria egunkaria irakurtzeko ohitura izaten dugu. Lankide batek proposatu zidan antolatu zuten lehiaketan parte hartzea, gure Nepaleko bidaia kontatuz. Zalantzan egon nintzen, baina kronika idaztea pentsatu nuen, bidali eta inora iristen ez bazen ere, guk gordetzeko polita izan zitekeelakoan. Azkenean, espero gabe, lehiaketa irabazi dut.
Nepalera itzultzeko asmorik ba al duzue?
M.A.: Berriaren lehiaketaren saria Dolomitetan (Italia) hamar egunean egiteko trekking bat da, eta biok joateko asmoa dugu udan. Badugu berriro ere Nepalera itzultzeko asmoa, baina aurretik Dolomitetan trekkinga egingo dugu. Mendiari lotutako beste abentura bat izango da, eta badugu hara joateko gogoa.