Naroa Agirrek ezin izan du etxean irabazi

Aitziber Arzallus 2025ko urt. 12a, 17:16

Emakumeen Binakako Txapelketa Nagusiko partidak jokatu dituzte Zestoako pilotalekuan, Ados Pilotaren eskutik. Promozio Mailan, Gomezek eta Sagarduik 22-7 irabazi dute Lamadriden eta Perezen kontra; Lehen Mailan, berriz, Iturriagarentzat eta Mendibururentzat izan da garaipena, Oskozen eta Agirreren aurka 22-15 eginda.

Emakumeen Binakako Txapelketa Nagusiko partidak jokatu dituzte gaur goizean Zestoako pilotalekuan, Ados Pilotaren eskutik. 11:30ean hasi da jaialdia, Promozio Mailako neurketarekin, eta ondoren, Lehen Mailako beste bat jokatu dute. Promozio Mailan, Gomezek eta Sagarduik osatutako bikotea gehiago izan da Lamadridek eta Perezek osatukoa baino; hain zuzen ere, 22-7 irabazi dute Gomezek eta Sagarduik.

Ondoren, Lehen Mailako partidan, Oskozek eta Naroa Agirre arroarrak Iturriagaren eta Mendibururen aurka neurtu dituzte indarrak. Partida estuagoa izan da, batez ere lehen erdia, baina, pixkanaka-pixkanaka, markagailuak aurrea hartu eta aldea handituz joan dira Iturriaga eta Mendiburu, eta azkenean, haientzat izan da garaipena, 22-15 eginda.

Abenduaren 21ean hasi ziren Olaberrian (Gipuzkoa) Ados Pilotaren Binakako Pilota Txapelketa Nagusia jokatzen, eta martxoaren 29an izango da finala Iruñeko Labriten, Euskal Herriko hainbat pilotalekutan 46 partida jokatu ondotik. Lehen Mailari dagokionez, sei bikote ari dira lehian, eta Promozio Mailan, lau. Ados Pilotan ari diren eskualdeko hiru pilotariak Naroa Agirre arroarra, Eneritz Arrieta azkoitiarra eta Oihana Orbegozo azpeitiarra dira.

Txapelketaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, pilotari gazteen aldeko apustua egin dute aurtengo lehian. Hori horrela, Promozio Mailako zortzi pilotarietatik bost berriak dira, eta Lehen Mailan ere hiru debutari daude. Berritasunen artean, txapelketan zehar pilota berriak izango dituztela zehaztu dute, eta pilotariak Zulaika pilotagilearekin lanean aritu direla jokoari bizitasun gehiago emateko asmotan.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide