Ados Pilotaren Binakako Txapelketa Nagusiko partidak jokatuko dituzte igandean Zestoan

Iraia Oteiza 2025ko urt. 7a, 12:16

Naroa Agirre iazko txapelketako partida batean. (Ados pilota)

11:30ean hasita, Promozio Mailako eta Lehen Mailako partida bana jokatuko dute herriko frontoian. Gomezek eta Sagarduik osatutako bikotea Lamadriden eta Perezen aurka lehiatuko da aurreneko partidan, eta Oskozek eta Naroa Agirre arroarrak Iturriaga eta Mendiburu izango dituzte aurkari jaialdiko partida nagusian.

Emakumeen Binakako Txapelketa Nagusiko partidak jokatuko dituzte igandean Zestoako pilotalekuan, Ados Pilotaren eskutik. 11:30ean hasita, Promozio Mailako eta Lehen Mailako partida bana jokatuko dute han; Gomez eta Sagarduik Lamadrid eta Perez pilotariak izango dituzte aurkari aurreneko partidan, eta Oskozek eta Naroa Agirre arroarrak Iturriagaren eta Mendibururen aurka neurtuko dituzte indarrak jarraian, jaialdiko partida nagusian.

Abenduaren 21ean hasi zen Olaberrian (Gipuzkoa) Ados Pilotaren Binakako Pilota Txapelketa Nagusia, eta martxoaren 29an jokatuko dute finala Iruñeko Labriten, Euskal Herriko pilotaleku ezberdinetan 46 partida jokatu ondotik. Lehen mailari dagokionez, sei bikote ari dira lehian, eta promozio mailan, lau. Ados Pilotan ari diren eskualdeko hiru pilotariak Naroa Agirre arroarra, Eneritz Arrieta azkoitiarra eta Oihana Orbegozo azpeitiarra dira.

Txapelketaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, pilotari gazteen aldeko apustua egin dute aurtengo lehian. Hori horrela, Promozio Mailako zortzi pilotarietatik bost berriak dira, eta Lehen Mailan ere hiru debutari daude. Berritasunen artean, txapelketan zehar pilota berriak izango dituztela ere zehaztu dute, eta pilotariak Zulaika pilotagilearekin lanean aritu dira jokoari bizitasun gehiago eman asmotan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide