Gure Txokoak, Zestoako elkarterik zaharrenak, 75 urte bete ditu, eta urteurren berezi hori ospatzeko, herrira zabaldutako festa eguna antolatu dute etzirako.
Zapatuan, hilaren 14an, 17:30etik aurrera festa giroa nagusi izango da Zestoako herrigunean. Ordu horretan, hasteko, joaldunek kalejira egingo dute. Ondoren, 18:30etik aurrera, plazako arkupeetan elkartzen direnek soziedadekoek han emango duten mokadutxoaz gozatzeko aukera izango dute, eta jai giroarekin jarraitzeko, herriko txarangak girotuko du segidan poteoa.
Elkartean bertan borobilduko dituzte, gauez, zapatuko ospakizunak. 21:00etan hasiko da Gure Txokoan urteurreneko bertso afaria, Aitor Salegirekin eta Andoni Egañarekin. Bertso afarirako txartelak salgai dituzte Uztapide tabernan.