Gaztain erre festa eta pailazo ikuskizuna izango dituzte bihar eta etzi Arroabean

Mailo Oiarzabal 2024ko aza. 28a, 12:02

Kiki, Koko eta Moko pailazoak, 'Bizi-bizi zirkua' ikuskizunaren argazki batean. (Kikikokomoko.com)

Arroan Euskara Bizi-Bizi egitasmoaren barruan antolatu dituzte bi hitzorduak. Ostiralean 19:00etatik aurrera izango dute gaztaina erreak dastatzeko aukera frontoian; aldiz, iragarrita zegoen kafe tertulia ez dute egingo. Zapatu arratsaldean, toki berean ariko dira Kiki, Koko eta Moko pailazoak.

Arroan Euskara Bizi-Bizi egitasmoa prestatu dute Sakulupe guraso elkarteak, Arroako Herri Eskolak eta Ezkaizto auzo elkarteak, Arroabean ere Euskararen Eguna ospatzeko. Abenduaren 3an, asteartea, herri eskolako ikasleek kalejirarekin eta jaialdiarekin (frontoian) ospatuko dute Euskararen Eguna eta horrekin osatuko dute egitasmoa, baina bihar eta etzi izango dituzte lehen ekitaldiak.

Bihar, Barbantxo haurren aisialdiko egitasmoarekin uztartuko dituzte arratsaldean (17:30) Euskararen Egunaren ingurukoak. Eta iluntzean, 19:00etan hasita, urteroko gaztain erre festa ospatuko dute frontoian. Larunbatean ere frontoian izango dute hitzordua arroarrek: 17:00etan hasita, Kiki, Koko eta Moko pailazoek Bizi-bizi zirkua! ikuskizuna emango dute han.

Kafe tertuliarik ez

Luis Martijak gidatutako beste kafe tertulia saio bat ere iragarria zuten ostiral arratsalderako Arroabean, baina bertan behera utzi dute, hain zuzen ere, bihar gaztain erre festa izango dutelako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide