Euripean ere jende asko batu du Arroabeko Baserritarren eta Artisauen Azokak

Mailo Oiarzabal 2024ko aza. 17a, 14:56

Inoiz baino postu gehiagorekin, auzoko kale nagusia, plazak eta pilotalekua bete du azokak. Produktu eta esku langintza aukera zabala eskaini dute lehen sektoreko ekoizleek zein artisauek.

"Herritarrek eta eguraldiak" laguntzea eskatzen zuten aurreko egunetan Arroabeko Baserritarren eta Artisauen Azokaren antolatzaileek. Bada, eguraldiak batere ez die lagundu, baina herritarrek ez dute hutsik egin.

Euripean egin dute Ezkaizto auzo elkarteak eta Txara kooperatibak antolatutako orain arteko azokarik handiena, eta hala ere, jende asko ibili da Arroabean, postutik postura, ikusmiran, dastatzen zein erosketak egiten, eta taloak jateko ilara luzeak egiten ere bai.

Eskualdeko zein Euskal Herriko beste hainbat txokotako ekoizleak eta artisauak elkartu dira gaur goizean eta eguerdian Arroabean. San Isidro kalean, plazan, eskola zaharreko jolastokian eta frontoian barreiatuta jarri dituzte saltokiak, 60tik gora, guztira, eta denetan ibili da jendea. Arroabeko eskulan taldeko kideek eta bertako gozogile gaztetxoek ere jarri dituzte postuak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide