Inoiz baino postu gehiagorekin egingo dute Baserritarren eta Artisauen Azoka Arroabean

Maialen Etxaniz 2024ko aza. 13a, 10:48

Iazko azokako irudia. (Ane Olaizola)

Igandean egingo dute Baserritarren eta Artisauen Azoka Arroabean, 10:00etatik 14:00etara. Guztira, 60 postutik gora jarriko dituzte auzoan zehar, eta askotariko produktuak eskuratzeko aukera izango da. Antolatzaileek herritarrei eskatu diete haien alea utz dezaten bertako produktuen postuetan. 

Beste urte batez, igandean, Baserritarren eta Artisauen Azoka egingo dute Arroabean, Ezkaizko elkarteak eta Txara kooperatibak elkarrekin antolatuta. Dagoenekoa ia dena prest dute hitzordurako, baina "herritarrek eta eguraldiak" laguntzea falta zaie. 

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurten 60 postutik gora izango dira Arroabeko azokan, inoizko kopururik handiena. Maia Ossa Txara kooperatibako kidea da antolakuntza lanetan aritu den kideetako bat, eta hark azaldu ditu xehetasunak. Besteak beste, joskintzari lotutako elementuak, pitxiak eta osagarriak, egurrezko jostailuak, ukenduak, etxerako apaingarriak, zapatariak, otargileak, adargileak, gaztagileak eta gozogileak izango dira Arroabeko azokan. Edari eta janariaren txokoan ere askotariko produktuak jarriko dituzte, hala nola sagardoa, txakolina, garagardo artisaua, eztia, antxoak eta hestebeteak. Beraz, bertaratzen direnek izango dute zer probatua 10:00etatik 14:00etara. Gainera, kantu poteoa ere egingo dute, 12:00etan hasita. 

Postuetako ekoizleen eta artisauen erdia baino gehiago eskualdekoak dira, baina kanpotik gero eta jende gehiago bertaratzen dela azaldu dute sustatzaileek. Hori "berri ona" ere badela uste dute. 

Hainbat berrikuntza 

Azokaren dimentsioa handitzen ari denez, hainbat moldaketa edo egokitzapen egin dituzte, espazio zein antolakuntza aldetik. Esaterako, aurten bi gunetan banatuta egongo da azoka. "Aurten, eskulangileentzako edo artisauentzako beste gune bat egokitu dugu; izan ere, artisau asko etortzen da, jende askok deitzen du azokan parte hartzeko, eta haientzako lekua egokituko dugu, errepide aldean. Beraz, fisikoki azoka zabaldu egingo da", azaldu du Ossak. 

Egitasmoaren dimentsioa gero eta handiagoa den arren, "betiko esentziari" eusten diotela nabarmendu dute antolatzaileek, "bertako produktuei eta ekoizle txikiei lehentasuna emanez". 

Aurten, azokaren inguruko xehetasunak ahalik eta gehien herriratzeko asmoz, mapa bat egin dute, eta azokara bertaratzeko dauden garraio publikoen ordutegiak ere jakinarazi dituzte; izan ere, deia egin dute "ahal dutenek" garraio publikoa erabil dezaten. Horrela ez egitekotan, autoak industriaguneko aparkalekuan uzteko eskatu dute. 

Aurreko urteetako giro ederra sortzea espero dute Txarako eta Ezkaiztoko antolatzaileek, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete, eta eskatu diete haien alea utz dezaten bertako ekoizle txikien postuetan erosiz. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide