Azaroaren 19an zabalduko dute Kobaz Koba Trail mendi lasterketan izena emateko epea

Ane Olaizola 2024ko azaroaren 7a

Iazko irabazle Iraitz Legorburu, helmugan. (Intza Trula)

Internetez jarriko dituzte dortsalak salgai, 12:00etan, eta antolatzaileek dei egin die parte hartzaileei "bizkor" ibil daitezen.

Arazi eta Agiro mendi klubek hilaren 19an, asteartez, zabalduko dute Kobaz Koba Trail mendi lasterketan izena emateko epea, eta korrikalariek www.kirolprobak.com atarian izango dute inskribatzeko aukera, 12:00etatik aurrera.

Iaz bezala, 600 dortsal salduko dituzte antolatzaileek; proba bakoitzean 300. Izan ere, ohiko ibilbideak prestatu dituzte datorren otsailaren 9an jokatuko dituzten bi probetarako: 15 kilometroko Artzei ibilbidea batetik, eta Kobaz Koba Trailaren izaeraren "benetako gogortasuna" bizi nahi dutenentzako 26 kilometroko Zaldei ibilbidea, bestetik. Dortsalak "ziztu bizian" agortzen direla eta, antolatzaileek parte hartu nahi dutenei dei egin die "bizkor" ibil daitezen izena emateko. Mendi lasterketan lehiatzeko ez dago federatuta egon beharrik.

Kobaz Koba Trailen egunean, parte hartzaileek hainbat zerbitzu izango dituzte eskuragarri: kronometraje zerbitzua, arropa zaindegi zerbitzua, dutxa zerbitzua, koba txikiko pasagunean eta helmugan korrikalari guztiei bakarkako argazkia eta "indarrak berreskuratzeko" hamaiketakoa probaren amaieran, besteak beste. Horrez gain, parte hartzaileek lasterketako kamiseta bana jasoko dute.

Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete udalari, boluntarioei, herritarrei zein probak zeharkatuko dituen lurren jabeei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide