Otsailaren 9an egingo dute Zestoako Kobaz Koba Trail mendi lasterketa

Iraia Oteiza 2024ko urr. 25a, 13:26

Kobaz Koba Trail mendi lasterketaren azken edizioko irudia. (Intza Trula)

Antolatzaileek azaroan zabalduko dute izen-ematea, eta leku mugatuak izango dituzte aurten ere Artzei (15 kilometro) eta Zaldei (26 kilometro) ibilbideek.

Arazi IKT-k eta Agiro mendi klubak iragarri dute Kobaz Koba Trail mendi lasterketaren 2025eko edizioaren data: otsailaren 9an jokatuko dute Zestoa inguruko kobazuloetatik igarotzen den lasterketa. Data iragartzearekin batera jakinarazi dute izen-ematea azaroan zabalduko dutela, eguna zehaztu ez badute ere. Beste behin, leku mugatuak izango dituzte Artzei (15 kilometro) eta Zaldei (26 kilometro) probek.

Antolatzaileen esanetan, "ibilbide ederra eta berezia" prestatu dute datorren urteko ediziorako. "Zestoa inguruko bide zidorretan barrena, euri, haize, lokatz eta dena lagun; baina beti ondare natural eta historiko paregabeaz gozatzeko aukera eskaintzen duena. Lehen gizakia ibili zen bideetatik barrena diseinaturiko ibilbidea da, historiaurreko ondare eta aztarnategien lurraldean barrena, historiaurreko margo eta harribitxiak jasotzen dituzten koben bideetan: Ekain, Danbolinzulo, Astigarraga, Amalda, Praileaitz, Astuigaña, Erraila, Urtiaga, Ermitia eta Erlaitz, eta gainera Irikaitzeko aztarnategia eta Arluze monolitoa. Benetako historiaurreko ibilbidea".

Arazi IKT-k eta Agiro mendi klubak Zestoako Udalaren laguntzarekin antolatzen dute Kobaz Koba mendi lasterketa, eta antolakuntzak bereziki eskerrak eman dizkie ibilbidea prestatzeko "lankidetza" eskaini duten lur-jabe guztiei. Era berean, korrikalariei dei egin die "errespetuz" ibil daitezen bide osoan eta ez dezatela herri bideetatik kanpo entrenatu. Landa guneak zaintzeko eskatu diete horiei, langak itxiz, zarata saihestuz eta bertakoen atsedena ez oztopatuz. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide