Naroa Agirre pilotari zestoarrak Udara Caixabank binakako pilota txapelketaren finala jokatuko du. Iera Iturriagarekin ari da osatzen bikotea Agirre, eta atzo, zapatua, Elgetan (Gipuzkoa) Natale Aranbururi eta Maite Mujikari 22 eta 12 irabazita lortu dute datorren zapatuan, urriak 5, Iruñeko Labriten jokatuko duten finalerako sailkatzea.
Ados Pilotak antolatutako txapelketa da Udara Caixabank, eta udan hamalau leku desberdinetan jokatu dituzte partidak. Txapelketan sei bikotek parte hartu dute, eta bikote guztiek denen aurka jokatu behar izan dute. Iturriagak eta Agirrek jokatutako bost partidak irabazi dituzte, eta hala lortu dute Labriteko finalera sailkatzea. Hain justu, atzoko aurkari berak, Aranburu eta Mujika, izango dituzte kontrario final nagusian ere.