Zestoako EAJk desadostasuna agertu du gaztetxearen akordioaren inguruan

Maialen Etxaniz 2024ko ira. 11a, 12:37

Jeltzaleek ohar bidez jakinarazi dutenez, udalak Elizarekin eta gazteekin akordioa lortu izanaz "pozten" dira, baina ez daude "batere ados" sinatutako akordioarekin, "ez edukietan ezta formetan ere". EAJk uste du gaztetxea Kultur Etxean egiteak "kultur azpiegituren aldaketa integralean herria hipotekatzen" duela. Jeltzaleek nabarmendu dute okupazioaren aurka daudela, eta uste dute desalojoa atzeratzea ez zela gazteen borrokari esker izan. 

Zestoako Udalak eta Zestoako Gazte Asanbladak gaztetxearen inguruko akordioa sinatu zutela jakinarazi zuten joan den astean. Orain, akordio horren inguruko desadostasuna agertu du Zestoako EAJk. Gazte Asanblada Zentrokoaren aurretik zuten gaztetxearen eraikin berera, Kultur Etxekora, itzuliko da, han kokatuko baita gaztetxe berria, beheko solairuan, Gurutze jubilatuen elkartea dagoen lekuan –elkarteak taberna itxita du egun–.

Jeltzaleek ohar bidez jakinarazi dutenez, udalak Elizarekin eta gazteekin akordioa lortu izanaz "pozten" dira, baina ez daude "batere ados" sinatutako akordioarekin, "ez edukietan ezta formekin ere". EAJk uste du estazio zaharra dela Zestoako Gaztetxearentzako leku aproposena, gaztetxea Kultur Etxean egiteak "kultur azpiegituren aldaketa integralean herria hipotekatzen" duela iritzita. "Ados gaude gazteek beren tokia behar dutela, baina ez dugu uste Kultur Etxea denik tokirik aproposena, kontutan izanda bizilagunez inguratuta dagoela. Gainera, kultur azpiegituren aldaketa integralean herria erabat hipotekatzen du. Batzokian Gazteekin izan genuen bileran argi utzi genien guretzat toki egokiena estazio zaharra dela, bizilagunengandik aldenduta. Gaur egun ere berdin pentsatzen dugu", azaldu dute. 

Elizondo bai, Kafe Antzokia ez

Gaur egungo Kultur Etxeak "herrian dauden kultur eragileen egoitza" izan behar duela uste du Zestoako EAJk. Hori dela eta, eraikinaren "eraberritze integrala" aldarrikatu du, "talde guztien beharrak" asetzeko. "Sinatu den akordioarekin, egun daukagun areto bakarra sakrifikatzeaz gain, kultur taldeak gaur egun jasaten ari diren gabeziak denboran luzatuko lirateke", salatu dute jeltzaleek. Aldiz, uste dute egokia dela Elizondo eraikina eskuratzea, ez ordea Kafe Antzokia egiteko: "Zestoa oso atzean geratzen ari da kultur azpiegiturei dagokionez eta lehenbailehen erantzun beharreko arazoa da. Egokia iruditzen zaigu udalak zesio bidez Zentroa eskuratzea, baina ez Kafe Antzoki bat egiteko. Badaude beste behar batzuk". 

Halaber, udalari "inprobisazioa" leporatu diote. Horren karietara, "hasieratik gaia moztu eta erabakiak garbi hartu ez izanaren ondorioak pairatzen" ari direla adierazi dute EAJko udal ordezkariek.

Okupazioaren aurka

Nabarmendu dute EAJ "okupazioen aurka" dagoela, eta "zentroan eman den okupazioa bidegabea" dela diote. Era berean, uste dute desalojoaren atzerapena ez zela izan gazteen borrokaren ondorioz: "Desalojoaren atzerapena Ertzaintzak eskatu zion epaileari eta ez zen gertatu gazteen borrokaren ondorioz". 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide