Hilabete luzez labean zuen proiektua gizarteratzeko garaia iritsi zaio Amancay Gaztañaga sortzaile zestoarrari. Gaztañaga sortzailea dela jakinekoa da, aktore lanetan sarri ikusi baita Euskal Herriko oholtzetan; obren sortzailea eta zuzendaria ere bada, eta orain idazle rolean aritzeaz gozatzen ari da. Nerabeei eta edozein irakuzaleri zuzendutako Martin Martina trilogia sortu du zestoarrak, eta gaur aurkeztu du hiruko sorta horretako lehen liburua, Martin Martina eta urrezko orraziaren misterioa. Elkar argitaletxearekin atera du liburua Gaztañagak.
Elkarrek aurreratu duenez, zestoarraren trilogiak abentura eta fantasia uztartzen ditu, eta pertsonaia intersexual bat du protagonista. "Egileak ezberdintasunean dagoen aberastasuna ekarri nahi du erdigunera, baita ingurumenaren eta globalizazioaren inguruko hausnarketa ere. Mitologia edo erlijioek leku berezia dute proiektu honetan", jakinarazi du argitaletxeak; izan ere, idazleak euskal mitologiaren, antzinako erlijioaren eta iruditeriaren ezagutzak heziketan izan dezakeen garrantziaz ohartarazten du haren lanean. Gaztañagaren hitzetan, "eleberri hau ez da ipuin bat. Bertan ez dute lekurik lamia ederrek ezta jentil jatorrek ere; istorio hau aztikeriaz eta mamuz beterik dago".
Trilogiaren aurreneko atalean Martin Martina protagonistaren unibertsoa eraikitzen du Gaztañagak, eta, aldi berean, trilogiaren parte izango diren pertsonaia nagusien berri ematen du. Besteak beste, landa eremu eta herri txikien garrantzia du hizpide istorioak.
2017an sortu zitzaion Gaztañagari fantasiazko kontakizuna idazteko nahia, eta Martin Martina izenez Zestoan bizi zen pertsona batengatik hasi zen ideia gorpuzten. Orain, hiru liburuz osatutako proiektua du esku artean, eta literaturaren abenturan murgilduta dabil
Gainerako biak, bidean
Lehen liburua kalean den arren, jakinarazi dituzte beste bi liburuen argitaratze datak. Bigarrena, Martin Martina eta sorginen batzarra, abenduan kaleratuko dute, eta hirugarrena, Martin Martina eta gauekoak, 2025eko udaberrian.
Zestoan, hilaren 19an
Gaur aurkeztu dute ofizialki Martin Martina, baina Gaztañagaren herrian ere egingo dute egitasmoaren aurkezpena. Hain zuzen, irailaren 19an, 19:00etan, Kultur Etxeko aretoan. Bertan izango dira Amancay Gaztañaga eta Aritz Cestona.
Hona hemen gaur Donostian egin duten aurkezpenaren bideoa, osorik: