Ama Birjina eguna ospatzeko ez da ekitaldirik falta izan egun osoan zehar Zestoan. Goizeko diana, kalejira, dantza eta bandaren kontzertuaren ostean, artzain txakurren txapelketak, zekorketak, zezen bolaztatuek, kontzertuek eta zirku tailerrak borobildu dute igande arratsaldea herrian.
17:30ean hasita, XXV. Arraza Libreko Artzain Txakurren Gipuzkoako Txapelketa jokatu dute Zubiaurreko zelaian. Asier Dacosta eta Zeru (Aretxabaleta), Iñaxio Etxeberria eta Mixx (Azpeitia), Javier Gaztañaga eta Cool (Antzuola), Manuel Gorriti eta Izar (Aizarnazabal), Peio Segurola eta Kai (Matxinbenta) eta Xabier Gaztañaga eta Sandy (Antzuola) izan dira txapelketan parte hartu dutenak. Azken horiek izan dira irabazleak, 276 punturekin; bigarren saria Matxinbentara joan da, Pello Segurola eta Kai txakurra izan baitira postu horretan geratu direnak, 268 punturekin; hirugarren saria Gaztañaga eta Sandyrentzat izan da (260 puntu); laugarrena Manuel Gorriti eta Izarrentzat (254 puntu); bosgarrena Asier Dacosta eta Zerurentzat (254 puntu); eta seigarren postua erdietsi dute Inaxio Etxeberria eta Mixx azpeitiarrek (194 puntu). Aurreneko lau sailkatuak Mañarian (Bizkaia) jokatuko den Arraza Libreko Artzain Txakurren Euskadiko Txapelketan lehiatuko dira, datorren urriaren 6an.
18:00etan hasita, berriz, jaietako bigarren zekorketak izan dira festetarako zezen plaza bihurtutako herriko plazan. Zekorketen ostean, Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak atera dituzte zezen plazara, 16 urtetik gorakoentzat, eta gaurkoan ere ikuskizuna eman dute haien aurrean ibili diren batzuek.
Garai berean, Gurea Kultura ekimenak antolatuta, zezenketen alternatiba kontzertuak izan dira estazio zaharraren parean. Gaurkoan, Ke Lepo eta Pelax taldeak igo dira oholtzara, eta dozenaka izan dira arratsaldea haien doinuak entzunez igarotzea erabaki duten herritarrak.
Umeek, berriz, zirku tailerraz gozatzeko aukera izan dute frontoiaren aurreko aterpean.
Bihar, gehiago
Umeen Egunarekin emango diote amaiera bihar aurtengo amabirjinei. Askotariko ekintzak prestatu dituzte festen azken egunerako ere, eta udalak herriko haur guztiak txuri gorriz janztera gonbidatu ditu. Hona hemen biharko egitaraua:
- 10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
- 11:30. Umeen diana zaratatsua, plazatik hasita. (Umei "zarata ateratzeko zerbait" eramateko eskattzen diete: kazuelak, danborrak, turutak, txistuak...).
- 12.00. Umeen txupinazoa. Ondoren, gaztetxoen dantzaurrea, zahagi-dantza eta buruhandiak, Idiakaitz txistulari taldeak lagunduta.
- 12:30. Txantreako erraldoiak.
- 14:30. Ume, gaztetxo eta gurasoak Txantreako erraldoiekin kalejiran kiroldegiko aterpera. Ondoren, ume, gaztetxo eta gurasoentzat bazkaria.
- 16:00. Haurrentzat tailerrak.
- 17:00. Poniak umeentzat plazan, eta zezentxoak 16 urtetik gorakoentzat.
- 19:00. Gauargi taldearen erromeria, Laranjadin.
- 20:00. Zahagi-dantzarien dantzaurrea kalez kale, Itxaropena dantza taldearen eta Zestuko Trikitixa taldearen eskutik.
- 21:00. Gauargi taldearen erromeria, Laranjadin.
- 22:30. Suzko zezena.