Hondarrezko eskulturen eta patinaje tailerrak prestatu dituzte Arroabean

Ane Olaizola 2024ko ira. 6a, 10:04

Hondarrezko eskulturen tailer bat Azpeitian.

Ikastaro batean zein bestean parte hartzeko izen-ematea zabalik dago dagoeneko: hondarrezko eskulturen saiorako hilaren 17ra bitartean eman ahalko da izena, eta irristatze ikastarorako hilaren 18ra bitartean.

Sakulupe guraso elkarteak eta Zestoako Udalak hainbat ikastaro antolatu ditu datozen bi ostiraletarako Arroabean: batetik, hondarrezko eskulturak egiten ikasteko tailerra izango da irailaren 20an. Andoni Bastarrikak gidatuko du saioa hango plazan, bi txandatan banatuta: lehenengo txanda 16:00etatik 17:30era artekoa izango da, eta bigarrena, 17:30etik 19:00etara artekoa. 4 urtetik gorako gaztetxoek parte har dezakete ikastaroan, eta 4 eta 6 urte bitartekoek guraso baten laguntza izan beharko dute.

Bestetik, patinaje ikastaroa eskainiko dute hilaren 27an, orduan ere bi txandatan: 16:00etatik 17:30era eta 17:30etik 19:00etara. Kasu horretan, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Arroabeko haur eta gaztetxoek parte hartu ahal izango dute, eta haurra ez bada patinen gainean bakarrik mantentzen, gurasoren batek lagundu beharko dio hari. Antolatzaileek adierazi dute kaskoa erabiltzea derrigorrezkoa izango dela, eta belaunetako zein ukondoetako babesgarriak eramatea gomendatu dute.

Ikastaro batean zein bestean parte hartzeko izen-ematea zabalik dago dagoeneko: hondarrezko eskulturen saiorako hilaren 17ra bitartean eman ahalko da izena, eta irristatze ikastarorako hilaren 18ra bitartean. 688 68 40 29 telefono zenbakira deitu beharko da horretarako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide