Gaur hasi dute ikasturtea Zestoako herriguneko zein Arroabeko haurreskoletan, eta berrikuntza nabarmenarekin ireki ditu ateak herriguneko Ekain haurreskolak. Izan ere, aurreko ikasturtean egoitza handitzeko hasitako lanak bukatuta, 90 metro koadro gehiago ditu orain haurreskolak. Hain zuzen ere, aldameneko lokala egokitu eta gehitu diote haurreskolari. "Obra honen helburu nagusia txikia geratu zen haurreskolari toki gehiago ematea izan da, eta horretarako gela ireki handi bat egokitu zaio, haurrek bertan mugitzeko eta jolasteko leku gehiago izan dezaten", azaldu du Zestoako Udalak. 123.038 euroko inbertsioa bideratu dute haurreskola handitzeko lanetara.
Tokia handitu arren, Ekain haurreskolak lehendik zuen plaza kopuru berarekin ekin dio ikasturteari, 21 umerekin.