Zestoako amabirjinak 2024

Herri kirolekin, Arineketan taldearekin eta eraso arrazistak salatuz borobildu dute Jubilatuen Eguna Zestoan

Maialen Etxaniz 2024ko ira. 2a, 08:30

Herri kirol erakustaldia eta Arineketan taldearen zuzenekoa izan ziren atzo arratsaldean Zestoan. Bi hitzorduek jende ugari elkartu zuten, eta giro ederra sortu Jubilatuen Eguneko azken orduetan. Salaketa bat ere izan zen, ordea. Herritar batek zapatuan txosnagunean jasandako eraso arrazista salatu zuen sare sozialetan. Zestoako Gazte Asanbladak, bere aldetik, erasoa gaitzesteaz gain, neurriak hartzeko prestutasuna agertu zuen ohar bidez.   

Amabirjina jaien aurreko asteburua igaro berri da Zestoan, eta urtero bezala, askotariko ekintzak izan dituzte adin guztietako herritarren gozagarri. Larunbatean, Gazte Eguna izan zen, eta igandean, Jubilatuen Eguna. Atzo goizean egin zuten Zestoako Udalak adinekoei eskaintzen dien ekitaldia, eta bertan banatu zizkieten oroigarriak herriko zaharrenei. Arratsaldean jarraitu zuten ekitaldiekin, eta izan zen zeregina nahiz zerikusia herrian. Aurrena, herri kirol erakustaldia izan zen frontoi zaharrean, eta, ondoren, Arineketan taldearen zuzeneko emanaldia Laranjadin. 

Herri kirolek sortu zuten ikusmina. Nor baino nor aritu ziren Mikel Larrañaga eta Aratz Mugertza aizkolariak eta Udane Ostolaza, Elene Ostolaza, Jon Unanue Goenatxo II.a eta Jokin Eizmendi harrijasotzaileak. Aurrena, norbere kaso egin zituen saiakerak, ondoren elkarren aurka jardun zuten, eta saioa borobiltzeko, bi taldetan banatuta hainbat proba egin zituzten, tartean txinga jasotzea eta sega. Joxe Angel Sarasola aritu zen esatari lanetan. 

Ondoren, Arineketan taldeak Zaharrak berri emanaldia eskaini zuen Laranjadin. Jagoba Astiazaran zestoarraren eta Iñar Sastreren proiektua da, baina beste hainbat artistaren parte hartzea ere badute emanaldian; izan ere, kantu, dantza eta kontu zaharrak gaurkotzea da proiektuaren xedea. Oihana Iguaran bertsolaria, Haatik dantza konpainiako dantzariak, Xabier Zeberio eta aurrenekoz Nora Lopez aritu ziren oholtzan. 

Eraso arrazisten kontra

Arineketan taldearen emanaldian aipatu zuen Astiazaranek, eta ordurako bazebilen bolo-bolo herrian: larunbat gauean eraso arrazista bat jazo zen txosnagunean. Horrela salatu zuen herritar batek X sare sozialean, eta hainbat izan ziren erreakzioak. Alde batetik, sare sozial horretan bertan askok adierazi zioten babesa zestoarrari. Bestetik, Zestoako Gazte Asanbladak oharra kaleratu zuen jazotakoaren aurrean gaitzespena erakutsiz, eta neurriak hartzeko prestutasuna agertuz.

Erasoa salatu duen herritarraren arabera, haren senarrari bere herrialdera joateko esan zioten bi ezezagunek txosnagunera bertaratuta. Horrela salatu zuen X sare sozialean: "Atzo gauean, Zestoako jaiak izanik, txosnagunean nintzela senarrarekin, bi tipo hurreratu eta 'Joan zure herrialdera' esan zioten. Eraso guztiak salatu behar diren moduan, eraso xenofobo eta arrazistak ere salatu behar dira. Inolako erasorik ez!". 

Zestoako Gazte Asanbladak haien espazioetan horrelako erasoak ez dituztela onartzen aipatu zuen ohar bidez, eta aurrerantzean horiek jazo ez daitezen lanean jarraituko dutela aipatu zuten. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide