Zestoako amabirjinak 2024

Herriko zaharrenei omenaldia eta bazkaria, Jubilatuen Egunez

Unax LarraƱaga 2024ko ira. 1a, 17:15

Txistularien diana, meza, omenaldia eta bazkaria egin dituzte goizean, eta herri kirolak zein emanaldia izango dute arratsaldean. Herriko zaharrenak, Angela Makazaga Barrutia eta Ignazio Aizpurua Manzisidor omendu dituzte eta 85 urteko herritarrei oroigarri bana eman diete Laranjadi plazan, txistulari eta dantzariek giroa alaituz.

Gazte Egunaren ajeari aurre eginez, Jubilatuen Eguna ospatzen hasiak dira gaur Zestoan. Idiakaitzeko txistularien dianaren eta ohiko mezaren ondoren, herriko nagusienei aitortza eginez hasi dute eguna Laranjadi plazan. Angela Makazaga Barrutia eta Ignazio Aizpurua Manzisidor omendu dituzte aurten, oroigarri bana emanez. Nahiz eta Makazaga ezin izan den bertaratu, Aizpuruak txapela jaso du herriko gaztetxo baten eskutik. Udalak 85 urteko herritar guztiei ere omenaldia egin die eta oroigarriak eskaini zaizkie. Ondoren, Idiakaitzeko txistularien doinuari jarraiki, aurreskua egin diete Itxaropena dantza taldeko hiru kidek. Herritarren txalopean omendu dituzte bertaratu diren zein gerturatu ezin izan duten nagusiak. Omenaldiaren ondoren, bazkaria egin dute jubilatuen etxean. Arratsaldean ere jarraituko du festak, izan ere egitarauan daude herri kirolak zein Arineketan emanaldia. Frontoi zaharrean izango dira herri kirolak, Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolariak eta Udane Ostolaza, Elene Ostolaza, Jon Unanue Goenatxo II.a eta Jokin Eizmendi harrijasotzaileak jardungo dira ekitaldian, Joxe Angel Sarasola esatari moduan jardunik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide